Kontraesanak

Argazkia: Fernando Pidal

Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka modu bikainean hasi zaigu pilotazaleontzat. Larunbatean orain arteko pilotalekurik handiena estreinatu eta partida bikaina ikusteko aukera izan genuen. Eta atzo, Eibarko Astelenan, emozio handiko neurketa ere bizi izan genuen. Ba al dago gehiago eskatzerik?

Bizkaia pilotalekuan 3.000 pilotazale inguru sartzen omen gara. Larunbatean oso eserleku gutxi ikusi nituen hutsik. Hori, berez, albiste ona izan beharko litzateke. Baina iruditzen zait larunbateko irudi hori ez datorrela errealitatearekin bat. Zenbat aldiz beteko dira harmailak? Eta zenbatetan ikusiko dugu frontoia hutsik? Azkenengo urteetan enpresek ez al dute behin baino gehiagotan esan gero eta jende gutxiago gerturatzen ari dela pilotalekuetara? Kontraesanak.

Igandean Astelenan egon nintzen, itxuraz norgehiagoka polita ikusteko. Maila handiko lau pilotari, Binakakoa, finalerdietako ligaxka… berez, menu ederra egiteko osagai guztiak zituen partidak, baina pilotalekua ez zen inondik inora bete. Eibarko frontoian Bilbokoan baino 1.000 pertsona gutxiago sartzen dira, gutxienez. Orduan, zein da 3000 eserlekuko pilotalekua egitearen arrazoia? Finalak ikusteko egin al dute? Kontraesanak.

Kontraesana iruditzen zait gertatzen ari den hau guztia. Edozein frontoi betetzeko sekulako arazoak dituzte enpresek. Neurketak telebistaz botatzen dituzte, krisi garai honetan sarrerak ez dira merkeak, partida bat programatu eta beste bat ikusteko arriskua, neurketa berdin asko oso epe laburrean…

Nik behintzat argi daukat. Pilotaleku erraldoi gehiago estreinatu baino, nahiago nuke enpresak formula berrietan pentsatzen hasiko balira.

Kontraesanak.

2 comentarios en «Kontraesanak»

  1. zer nahi duzue ba? brasilgo maracana gisako pilota leku bat, ehun mila lagun sartzeko, ta gero sartzeko ta ateratzeko milio korapilo izan ta istripurik piloka. beno ba erabaki zuzenki zer nahi duzuena. besarkada handi bat eta ongi erabaki gai hori. agur ba¡¡¡¡

Los comentarios están cerrados.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE