Olaizola Txapeldun, Irujo oso bigun

Olaizola II.k aldi guztietako lau t’erdiko txapeldun haundiena izatea lortu du. Beretzat emozio aldetik berezia izan den aste honetan, Julian Retegi garaipenetan atzean uztea ez da lorpen txikia. Gainera, bere aurkari naturala gainditu du, berriz ere. Teknikoki, beti bezala, perfekziora hurbildu da. Olaizola Irujorengandik bereizten da hamarreko eskala batean, beti 8-9 mailan jokatzen duelako. Partidu bikaina berea.

Irujo oso bigun ikusi dugu. Berea izaera basatia etxean utzi du. Tigrearen begirada Olaizolak bere ezker besagainarekin mantsotu du. Irujo dejadak botatzen saiatu da, baina ez du azertatu. Iberokoak badaki Aimarren aurka abantaila duela pilota bizi bizi erabiltzen duenean. Badirudi aldrebesetako estrategia erabili duela. Aurkariak aginduta bezala. Gainera, une batzuetan, partiduaren erdikaldean, ematen zuen Irujok ez zuela lehiatzeko gogorik edo indarrik. Ikusleek hori aipatzen zuten harmailetan. Uste dut hausnarketa bat egin behar duela Irujok. Gaur finalera joan garen zaletuei ikuskizun itsusia eskaini digu. Final bat galdu daiteke, baina gutxienez lehiakortasuna nabaritu behar da pilotariengan. Julian Retegik, galtzen zuenean ere, beste irudi bat ematen zuen. Asko hitz egiten da pilotak goraka egin duela azken urteetan, baina Retegiren eredua lehialari bezala ez da hobetu oraindik.

Aimar sasoi betean dago eta hurrengo urteetan lau t’erdian marka historiko bat lortzeko aukera izango du.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE