MS LEKEITIO: LADUCHE-BASQUE eta ERKIAGA-MANCI IRABAZL

JOHAN-ZABALA vs LADUCHE-BASQUE: 9-15, 15-14, 4-5

ERKIAGA-MANCI vs URREISTI-LEKERIKA: 15-12, 15-7

Giro itzela Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan Lekeitioko Master Serieseko finalerdietan. Frontoia ia goraino bete da Jai Alai League-ko laugarren proban. Lehen partidan, nagusi izan dira Laduche eta Basque lapurtarrak baina azkenean komeriak pasa dituzte garaipena lortzeko. Bigarrenean, Erkiagaren beste erakustaldi bat ikusi dugu. Ondo eutsi dio Mancik eta partida zaila izan arren, gustuko gauzak egin ditu aurrean Eñaut Urreisti gazteak.

Goazen lehenengotik hastera. Partida eskuan izan dute momentu oro Laduchek eta Basquek. Bikote serioa dira, elkar ondo ulertu dira eta Bidarteko atzelaria sasoi betean dago. Ezin esan erremate asko egon direnik. Hutsak bai, baina gehientsuenak alde batekoak izan dira. 0-3, 3-8 eta 6-11 aurreratu dira lapurtarrak. Normala den legez, Zabalari kosta egin zaio partidan sartzea hainbeste hilabeteko bajaren ondoren. Johan ere ez da eroso aritu eta bitartean bikote horia tantoak bata bestearen atzetik egiten. 9-15 bukatu da lehen jokoa. 

Bigarrenean ere horiak izan dira nagusi. 9-13 joan dira irabazten baina momentu txarrean apurtu du Laduchek xisteraren takoa. Erreminta aldatu, beharrezko probak egin eta eten baten ostean, berriz ekin diote jokoari. Halako batean, Johan eta Zabala partidan sartu dira. Beraien aukeretan sinistu dute eta buelta eman diote 12-14koari. 14-14 berdindu, tantu luze eta gogorra jokatu eta 15-14 irabazi dute seta. Horixe izan da partida osoan aurretik joan diren momentu bakarra. Publikoa harmailetan eskuak gora eta Zabala kantxatik bultzada eskatzen. 

Desenpateko seta ia beti izan ohi da emozio handikoa. Gaurkoak ez zirudien hala izango zenik. 0-4 jarri dira aurretik Ludovic eta Thibault… baina komeriak! 1-4, 2-4, 3-4 eta 4-4. Lau tantu egin dituzte erreskan marroiek. Publikoa berriz zoratzen baina azken kintzea horientzat izan da. Ia ihes egin die esku eskura izan duten partida batek. Johanek eta Zabalak berriz, ia miraria lortu dute. Partida joan den moduan, ez sinistekoa izango zen irabaztea, baina ia hala izan da. Pozik joan da Laduche Getariara bueltan, bere 30. urtebetetzea behar bezala ospatzera

Bigarren partidan, horma biko bikain batekin agurtu ditu pilotazaleak Aritz Erkiagak. Hala eman dio partidari hasiera eta mota guztietako tantuak egin ditu. Hormabikoa albotik, hormabikoa goitik behera, txapa gainean goxo utzita, sahietsetik, sake-errestoan… Hasieran eutsi diote Urreistik eta Lekerikak. 3-4 eta 4-4koak tantu borrokatu eta ikusgarriak izan dira. Baina bosnakoaren ondoren, bere «diktadura» ezarri du Erkiagak eta oso ondo egin dizkio atzeko lanak Mancik. Seguru, huts gutxi eta ondo, errebesez nahiz eskumaz. 15-7 bukatu da seta, hasi den bezalaxe: Erkiagaren horma biko batekin.

Bigarrenean ere nagusi izan dira marroiak. 11-6 joan dira aurretik baina intentsitatea jeitsi du ispastertarrak eta Lekerikaren bultzadarekin, tanto eder batzuk egin ditu Eñaut Urreisti gazteak. Oso pilotari ausarta da, berak dioen moduan «elektrikoa» eta Aritzen aurka lotsa gabe errematatu du. Lekerikak ere egin ditu tanto batzuk eskumaz eta Eñautek, kontrakantxako saretik hormabikoa (14-11) eta errebotean ere bai (14-12). Azkenean 15-12 bukatu da partida.

Datorren ostegunean final handia (19:00tan): LADUCHE-BASQUE vs ERKIAGA-MANCI

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE