Guztiak berdin jarraitzen du

Orain dela hiru aste idatzi nuen azkenekoz, eta dena airean zegoela esaten nuen. Konpromisoak tarteko, ezin izan dut gaur arte berriz ere idatzi. Txapelketa jarraitu dut, bai, baina ezin tartetxo bat egin zerbait idazteko. Dena dela, arazo handirik ez diot ikusten horri. Izan ere, guztiak berdin jarraitzen du. Dena airean dago oraindik.

Hiru neurketa baino ez dira falta ligaxka amaitzeko. Ez dakit zuek, baina ni behintzat hiru jardunaldi hauek azkar pasatzeko irrikitan nago. Norgehiagoka on batzuk ikusi ditugu, baina oso luzea egin zait txapelketa hastapen hau. Pilotazale gehienek ere sentsazio hori bera dutela iruditzen zait. Ea lehiaketako unerik garrantzitsuenera azkar iristen garen.

Berdintasuna dugu nagusi aurtengo Binakakoan. Ezusteko handirik gertatzen ez bada, Xala-Barriola eta Olaizola II-Begino bikoteak finalerdietan izango dira. Txapelketa hasi aurretik ere gehienok faboritotzat genituen. Ez zait iruditzen kanpoan geratuko direnik.

Beste txartel bientzako, ostera, zalantza handiak ditut. Une honetan Gonzalez-Laskurain eta Bengoetxea VI-Ruiz dira sailkatze postuetan. Lehenengoak behetik gora doaz. Sebas burua erabilita jokatzen ari dela uste dut, lasaiago, eta Aritz gozatzen ari da, eta gu gozatuarazten. Oinatz eta Patxi Ruizen kasua bestelakoa da. Jardunaldi honetan Lizarrako atzelariak ezin izan du jokatu, eta ikusiko da hurrengorako ongi dagoen. Hala ere, oso bikote indartsua da.

Titin III-Pascual eta Irujo-Merino II aurreko bikote biekin berdindurik daude, launa garaipenekin. Partida bat gutxiago irabazi dute Berasaluze VIII-ak eta Apraizek. Honek denak ere lehian dira, ez ahaztu.

Ez nintzateke ausartuko dirua baten edo bestearen alde jokatzen. Orain arte nolako emaitzak eman diren ikusita, uste dut dirua jokatu nahi duenak azken jardunaldira itxarotea hobe duela.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE