Faboritoak, gero eta faboritoago

Binakako Txapelketak aurrera jarraitzen du, eta aldez aurretik txapela jazteko faboritotzat genituen bikote biak hor dira, jokatutako guztia irabazita gero eta faboritoago.

Martinez de Irujo eta Barriola gehiegizko bikotea ez ote zen zalantza piztu zen lehiaketa aurkeztu zuten egunean. Orain arteko guztietan iritsi dira hogeita bira, eta txapeldun izateko beharrezkoa den sendotasuna erakusten ari dira. Indartsuegiak direla? Txapela lortuz gero, hori esango dugu denok. Baina txapela jazten ez badute…

Olaizola II.a eta Beroiz ere maila bikainean ari dira. Goizuetako aurrelaria maisua da tantoa amaitzen, eta Uharteko atzelariak oso pilotakada gutxi huts egiten ditu.Plazerra da hauek kantxan ikustea.

Ezustekorik egon ezean, finalean egoteko bikote bi hauen aldeko apustua egingo nuke nik.

Baina aurreneko hiru jardunaldi hauek beste gauzatxo batzuk ere utzi dizkigu. Bengoetxea VI.aren eta Albisuren lana, adibidez, aipatzekoa da. Leitzako aurrelariak arazo fisikoak ditu, baina gutxinaka gutxinaka ari da bere sasoia hartzen, eta honek konfiantza hartzen duenean… Albisuk ederki lagundu dio horretan. Ataungoak pilotakada ikusgarriak utzi dizkigu, eta kantxan ere gero eta hobeto kokatzen da. Atzelari bikaina izan daiteke.

Txanponaren beste aldean Xala eta Laskurain izango genituzke. Jokatutako guztia galduta, majo ari dira sufritzen. Aurrelaria txispa gabe dago, jokoan sartu ezinik, inspirazioa galduta. Soraluzeko atzelariari ere atzeko koadroetan nagusi izatea kostatzen ari zaio.

Dena dela, seguru nago laster beren lehen puntua eskuratu eta sailkapenean gora egingo dutela. Oraindik tanto asko dago jokoan, eta ziur naiz ezusteko bat baino gehiago ikusiko dugula.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE