Dena airean dago

Sebas Gonzalez. Argazkia: Fernando Pidal

Binakakako Txapelketa luzea izango zela iragarri genuen, eta nire ustez hala izaten ari da. Eta oraindik geratzen dena…

Bosna neurketa jokatu ditu bikote bakoitzak, eta sailkapenean dena dago airean. Olaizola II.a eta Begino dira orain arte jokatutako guztia irabazi duten bakarrak. Oraindik, ordea, ez dute finalerdietarako txartelik ziurtatu.

Sailkapenaren beste aldean, behe-behean dira Gonzalez-Laskurain eta Olaizola I-Beloki bikoteak. Norgehiagoka bakarra irabazi duten arren, badituzte finalerdietan izateko parada.

Beraz, zertarako balio izan dute orain arteko partida guzti hauek? Egia da sailkapena itxura hartzen ari dela, eta ezusteko handirik gertatu ezean  Olaizola II-Begino finalerdietan izango direla. Bide berbera daramate Xalak eta Barriolak. Baina den-denek sufritu egin beharko dute oraindik. Edozein bikotek ezustekoa eman dezakeelako txapelketa honetan. Edo edozein momentuan pilotarin batek min hartu dezakeelako. Lehiaketa luzeek hori dute.

Asteburu honetako neurketetatik Astelenekoa izan zen gehien gustatu zaitzaidana. Gogorra, emozio puntu batekin, eta tantu ikusgarri batzuekin. Partidaren bigarren zatian Begino indartsu ikusi nuen, konfiantzaz. Egia da Aimar Olaizola gero eta hobeto dagoela, oraindik bere sasoirik onenera iritsi ez den arren. Baina Goizuetakoa maisua da aurreko koadroetan, eta pilota astintzen ere badakiela erakutsi zuen. Norgehiagokaren hastapenean Xala eta Barriola nituen garaipenerako faboritotzat. Leitzako atzelaria ondo ikusi nuen, agian ohi baino pixka bat gutxiago gozatuz, baina lan asko eginez. Xalarengandik, aldiz, gehiago espero nuen. Jakin badakigu maila handiko aurrelaria dela, baina askotan neurketatik at ikusten dut. Asegarceko bikotea bere atzelaria nekatzen ahalegintzen ari zela ikusirik, askoz ere laguntza gehiago eman behar ziola iruditzen zait, eta ez zuen halakorik egin inondik inora.

Lehia nola bukatu zen ez zitzaidan batere gustatu. Epaileak pertsonak dira, bai, eta akatsak egiten dituzte, gu guztiok bezala. Baina Asegarcekoen hogeita bigarrenak buelta izan behar zuela iruditzen zait. Nahi gabe, baina Beginok ez zion Barriolari aurrera egiten utzi. Halakoetan buelta emanez gero ez da ezer ere pasatzen. Nik behintzat nahiko argi ikusi nuen.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE