Aimar haundi eta garaile Bizkaia frontoian

Amillategi
Lehen finala jokatu da gaur Bizkaia frontoian. Harmailak gainezka zeunden eta giroa eztanda egiteko beste beroa. Final bat aitzaki nahiko ez bazen, joan den asteko Barriolari buruzko eztabaidek gehitu diote erakargarritasuna partiduari. Gai izango ote zen Beroiz partidu txukun bat egiteko? Beste zalantza nagusia, materialaren jarduera zen. Bi zalantza hauek argitu dira partiduan zehar.
Pilotazale gehienek irabazletzat jotzen zituzten Olaizola II eta Begino, pilota jokoan hasi aurretik. Lehen tantuetan gidoi hori jarraitu dute lau pilotariek, lan neketsua egin ondoren, pilotakada mordoaren ostean, tantua gorrien alde erortzen zen. Beginok eskubiz dominatzen zuen eta Aimarrek, nahiz eta Xalaren defentsa ona aurrean izan, Lekuindarra menperatzen zuen.
Halako batean Xalak eta Beroizek lortu dute sakea. Bazirudien Jokin Etxanizek (Aspek jarritako botileroa) agindu diela buruz jokatzeko. Horrek esan nahi du ez lehiatzeko atzean Beginoren indarrarekin ezta aurrean Aimarren abileziarekin. Lortu du Beroizek pilota ezker horman jartzea Beginori eta ideiak argitu zaizkio Xalari, hiru-lau tantu lortu dituzten neurrian.
Hala ta guztiz ere gauza bat argi nabari zen frontoian. Urdinek (Xala eta Beroiz) tantua egiteko saiatu behar ziren ehuneko ehunean. Aimarrek eta Beginok tantuak errazago biltzen zituzten. Bateratuta egon dira partiduaren erdi unean. Baina bateratze guztiak Aimarrek apurtu ditu, bere errepertorio aberatsa erakutsiz. Xala ere saiatu da, baina ez zuen minik egiten. Aimarrek, batez ere ezker aidez, beste maila bateko aurrelaria dela erakutsi du. Berriro ere, Irujorekin batera eremu berezi batean dagoala erakutsi du. Erabat dominatu ditu aurkariak ezkerrarekin, Xala zabalera mugituz, hutsuneak eraikiz, espazioa zabalduz, Beroiz alde batetik bestera eramaten zuen. Maisu haundien jokoa egin du Aimarrek. Bere ondoan, Xala txikitu egin da, hankak gogortu egin zaizkiola zirudien, eskumuturra  kikildu.
Beraien pilota eskuratu dute Olaizolak eta Beginok eta partiduaren itxura aldatu egin da. Aimar nagusitu egin da eta zihurtasuna berreskuratu du Beginok. Xalak bi boleakada huts egin ditu, bata zangoak mugitu ez dituelako. Bestea, zabalera botatzera joan eta txapagainean hil delako.
Partiduan nagusi izan da Aimar. Pilotak ez dira oztopo izan bere gaitasun guztia erakusteko. Beginori une batzuetan kalte haundia egin dio urdinen pilotak, baina Aimarrek bere aparteko maila erakutsi du, partiduaren norabidea bere alde aldatzen zuelarik.  Beginok joko gora beheratsua izan du. Ondo hasi da eta ondo amaitu du partidua, baina erdi unean pilota ugari huts egin ditu.
Urdinen artean, Beroizek partidu ederra jokatu du. Jakin du Beginori pilota baztartzen eta Xalak uzten zituen hutsuneak bete ditu, fisikoki ongi prestatuta eta konzentratuta zetorrela erakutsiz. Pozik ikusiko zuen Barriolak bere ordezkoak eman duen maila. Xala gaizki hasi da. Gero zuzendu du bere jokoa, ezker aide batzukin. Baina azkenean, ez da gai izan Aimarren jokoari erantzuna emateko.
Aimar atera da garaile Bizkaia frontoian, Beginoren laguntzarekin. Zorionak biei eta jarraitu dezatela horrela jokatzen buruz buruko txapelketan.

1 comentario en «Aimar haundi eta garaile Bizkaia frontoian»

Los comentarios están cerrados.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE