ZUGARRALDEK NAGUSITASUN OSOZ MENDERATU DU DANOK LAGUNAK

Emaitzak adierazi bezala, Zugarraldek erabateko nagusitasuna azaldu zuen joan den igandean Danok Lagunak taldearen aurrean, Hernaniko pilotalekuan. Berria Txapelketako hirugarren kanporaketan nor baino nor aritu ziren Burlatakoak eta Ortuellakoak, eta nafarrek talde ederra dutela erakutsi zuten, aintzat hartzeko modukoa. Ondorengoak izan ziren emaitzak.

 

DANOK LAGUNAK 0 ZUGARRALDE 3

Kadeteak: De Valles – Acevedo 9 Villanueva – Lerga 22

Gazteak: De la Torre – Vega 20 Baleztena – Ayala 22

Nagusiak: Lopez Aldai – Lopez 8 Antso – Alduntzin 22

Partida hasieratik oso nagusi izan zen Zugarraldeko bikotea. Lerga atzelariak agindu egin zuen piloteoan, jo handia azaldu zuen bi eskuekin, eta aurreko koadroetan inspiratuta aritu zen Villanueva. Era guztietako tantoak eskaini zituen. De Valles eta Acevedo, bestalde, ezinean aritu ziren, eta bederatzi tantorekin konformatu behar izan zuten. Posizioak aldatuta ere probatu zuten, baina fruiturik gabe.

Gazte mailakoa izan zen jaialdiko partidarik onena. Bizkaitarrak faborito ziren hasiera batean, baina garesti atera zitzaien Vega atzelariaren egoera. Lesio luze batetik atera berri zegoenez, azkar igarri zitzaion eskuetatik ez zegoela ondo, eta maila onena eman ezinda aritu zen. Hamahiruko berdinketara arte oreka izan zen nagusi, baina gero nafarrek aurrera egin zuten: 21-13. Baleztenaren lana ona izan zen. Hori bai, bizkaitarrak berriz ere posizioz aldatu ziren, eta estutu zuten markagailua ederki: 21-20 jarri arte. Vegak asmatu egin zuen sakearekin. Azkenean, Ayalaren pilotakada on batek amaitu zuen partida, Zugarralderen alde.

Gauzak hala, nagusietan aski zuten nafarrek zazpi tanto eginda, baina ez ziren horrekin konformatu. Zazpina arte orekatua izan zen lehia, baina behin presioa gainetik kenduta, oso nagusi izan ziren Antso eta Alduntzin. Atzelariak agindu egin zuen piloteoan, eta aurrean inspirazioa erakusteko aukera ederra izan zuen Ansok. Biek ala biek, maila bikaina eman zuten, Lopez Aldaik eta Lopezek ez bezala.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE