XIII BERRIA TXAPELKETA : ILUNPE – HERNANI

XIII. Berria Txapelketako final-laurdenetako azken kanporaketa jokatu zen astearte arratsaldez Hernanin, eta faboritoak ez zuen hutsik egin. Azpeitiko Ilunpek 2-1 menderatu zuen Hernani, eta Andoaingo Gaztelekuren aurka jokatuko du finalerdia, datorren igandean. Ondorengoak izan ziren emaitzak.

 

Kadeteak: Iriarte – Egiguren 22 Arizmendi – Zugasti 4

Gazteak: Alberdi – Odriozola 22 Agirre – Alberdi 18

Nagusiak: Etxaniz – Murgiondo 20 Arrieta – Aizpitarte 22

 

Emaitzak adierazten duen moduan, kadeteen arteko partidak ez zuen kolorerik izan. Iriarte eta Egiguren azpeitiarrak maila horretako bikoterik onenetako bat osatzen dute, eta garbi geratu zen zergatik. Hasi eta buka, askoz gehiago izan ziren, eta 22-4 irabazi zieten Arizmendi eta Zugastiri. Hernanikoek ez zuten euren egunik onena izan.

Gazte mailan ere faborito ziren Ilunpekoak, baina uste baino gehiago sufritu behar izan zuten puntua lortzeko. Hernaniko Agirre eta Alberdi oso ondo hasi ziren hasieratik, eta 10-6 aurreratu ziren. Agirrek asmatu zuen aurrean, eta Alberdi atzelariak sendotasuna azaldu zuen. Hortik aurrera, etxekoak huts gehiago egiten hasi ziren, eta Alberdi eta Odriozola azpeitiarrek ederki baliatu zuten aukera. Hala, 16-11 aurreratu ziren Ilunpekoak. Ematen zuen guztia erabakita zegoela, baina Agirrek erreakzionatu egin zuen, eta markagailuan hurbiltzea lortu zuten etxekoek, 20-18. Hori bai, azken bi tantoak gorriek egin zituzten, eta kanporaketa erabakita utzi zuten azpeitiarrek.

Hala, nagusien mailako partida hasterako ez zegoen ezer jokoan, baina halere ikuskizuna eskaini zuten lau pilotariek. Arrieta eta Azpitarte hernaniarrak ondo kantxaratu ziren, eta 6-0 aurreratu ziren. Etxaniz eta Murgiondori tentsio falta antzeman zitzaien. Hori bai, lehen tantoa egitearekin bat, pilota aldatu zuten, eta bere onera ekarri zuten lehia. Berdintasuna izan zen nagusi gerora: 13na eta 16na egon ziren. Azken txanpan behera egin zuen Murgiondok, eta azkenerako ohorezko puntua eskuratu zuten Arrietak eta Azpitartek, 22-10 irabaziz.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE