XIII BERRIA TXAPELKETA : GAZTELEKU – TXUKUN LAKUA

Hernanin gertatu bezala, emozio gutxiko kanporaketa jokatu zuten Gaztelekuk eta Txukun Lakuak, Andoaingo Arrate pilotalekuan. Lehen bi partidak irabazita, berehala erabaki zuen lehia Gipuzkoako taldeak. Orain, Iruñeko Oberenaren aurka lehiatuko da final-laurdenetan, huek izan ziren emaitzak:

 

GAZTELEKU 2 TXUKUN LAKUA 1

Kadeteak : Alberdi – Osa 22 Sueirro – Martinez de Murgia 6

Jubenilak : Matxain – Aizpuru 22 Uribe – Alvarez de Eulate 8

Nagusiak : Eskudero – Erasun 16 Mendinueta – Isasmendi 22

 

Kadeteetan, faborito garbi ziren Alberdi eta Osa etxekoak, eta 22-6 irabazi zuten Sueiro eta Martinez de Murgia arabarren aurka. Osak distira agertu zuen eskuin eskuan, eta Alberdi ere fin aritu zen errematean. Agerian geratu zen bikote sendoa eta ona osatzen dutela. Arabarrak gogotik saiatu ziren defentsan, baina ezin izan zuten ezer egin.

 

Gazteetan ere aise nagusitu zen Gazteleku. Matxain eta Aizpuruk 22-8 menderatu zituzten Uribe eta Alvarez de Eulate. Aizpuruk aparteko joa atera zuen, eta hura izan zen protagonista. Pilotazaleak zur eta lur utzi zituen behin baino gehiagotan. Uribe arabarra saiatu zen tantoak egiten, baina nahi eta ezin aritu zen. Besteak beste, Matxainek berak defentsa ona erakutsi zuelako.

 

Hala, nagusietan ez zegoen ezer jokoan, baina Txukun Lakuak ohorezko puntua eskuratu zuen: Mendinueta eta Isasmendi 22-16 nagusitu ziren Eskudero eta Erasunen aurka. Gipuzkoarrak ondo hasi ziren, eta 11-4 aurretik jarri ziren, baina pilota biziago batekin jokoan asko sartu zen Mendinueta, eta hark erabaki zuen lehia.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE