XIII BERRIA TXAPELKETA : ERREKA 2 – PAGAZPE 1

Ikusmin handia zegoen Doneztebeko Erreka eta Usurbilgo Pagazperen arteko lehia ikusteko, eta ez zen gutxiagorako izan. Orain arte XIII. Berria Txapelketak izan duen kanporaketarik ederrena jokatu zuten bi taldeek, eta Nafarroako taldeak lortu zuen finalerdietarako txartela. Besteak beste, kadete eta gazte mailetan duen kalitateari esker. Hala, iazko txapeldunak agur esan behar izan dio lehiaketari. Ondorengoak izan ziren emaitzak:

 

ERREKA 2 PAGAZPE 1

Kadeteak: Telletxea -Apezetxea 22 Aranguren – Iruretagoiena 18

Gazteak: Salaberria – Mariezkurrena 22 Exposito – Aranberri 6

Nagusiak: Bakaikoa – Lasa 17 Huizi – Telletxea 22

 

Jaialdiko partidarik onena izan zen kadeteena. Usurbilgo bikotea hobeto hasi zen, eta Arangurenen lan bikainari esker 2-6 aurreratu zen. Iruretagoiena gipuzkoar atzelaria sendo aritu zen, eta Arangurenek atera zituen babak eltzetik. Halere, nafarrek sufritzen jakin izan zuten eta 11na berdindu zuten norgehiagoka. Telletxea bitarte horretan ez zen oso fin aritu, baina Apezetxeak eutsi zien aurkarien joari. 13-11koan Aranguren aurretik atzeko koadroetara igaro zen eta orduantxe ikusi ahal izan ziren partidako tantorik onenak. Maila horretako bi atzelaririk onenek elkar ikusi zuten, eta nor baino nor gehiago aritu ziren. 18na berdin zirela, Telletxeak ederki baliatu zuen aurkarien nekea eta nafarrek 22-18 irabazi zuten.

Gazteen mailako partidak ez zuen kolorerik izan, emaitzak berak dion moduan. Nafarroako bikotea euren herrialdeko txapelduna da, eta askoz gehiago izan ziren partida osoan zehar. Atzean Mariezkurrena askoz gehiago izan zen Aranberri baino, eta aurrean nahi erara jokatu zuen Salaberriak. Tantoak bikain amaitu zituen. Exposito saiatu zen babak eltzetik ateratzen, baina nahi eta ezin aritu zen.

Hala, nagusien partida hasterako ia erabakita zegoen guztia, Errekak aski baitzuen bi tanto egitea. Bada, ikuskizun polita eskaini zuten lau pilotariek. Telletxea Pagazpeko atzelariak partida bikaina jokatu zuen, eta Lasa baino gehiago izan zen atzean. Nafarra eskuetatik minduta aritu zen. Aurrean, berriz, Huiziren kalitatea eta Bakaikoaren defentsak zeresana eman zuten. Lehia polita eskaini zuten. Hala, partida 17na berdin egon zen, eta bukaeran gipuzkoarrek bost tanto jarraian egin zituzten, 22-17 irabaziz.

Orain, Errekak Lazkaoko LAPKE izango du aurkari finalerdietan.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE