XII BERRIA TXAPELKETA (TXUKUN LAKUA – GAZTELEKU)

Goizez Tolosan dago zita, eta arratsaldez berriz, Andoainen jokatuko da XII. BERRIA Txapelketako final-laurdenetako kanporaketa. Hain zuzen ere, Andoaingo bertako Gazteleku eta Gasteizko Txukun Lakua arituko dira aurrez aurre, 16:00eatik aurrera. Biek ere ezustean gainditu zuten aurreko faseko kanporaketa; hortaz, irabazleak sari potoloa izango du: finalerdietarako txartela. Hasiera batean kanporaketa orekatua espero da, baina baliteke pilotalekuaren ezaugarriek etxeko taldearen alde egitea.

Ritxard Gonzalez Txukun Lakuakoak eta Andoni Alvarez Gaztelekukoak ondorengo pilotariak kantxaratuko dituzte.

 

Kadeteak: Uribe – Alvarez de Eulate (txukun lakua) / Osa – Aizpitarte (gazteleku)

Gazteak: Lopez de Calle – Puyo (txukun lakua) / Oiarbide – Usandizaga (gazteleku)

Nagusiak: Mendinueta – Perez (txukun lakua) / Eskudero – Erasun (gazteleku)

 

Kadeteetan lau pilotari onek jokatuko dute, maila honetako onentsuenek, hain justu. Osa Gaztelekuko aurrelaria egungo Euskal Herriko txapeldunordea da, eta nahiz lehen urtekoa izan, etorkizun handia dauka. Azpitarte atzelaria ere langilea da, eta ziur garesti salduko dituela tantoak. Hori bai, gipuzkoarrek ezingo dute inondik inora fidatu, Uribe eta Alvarez de Eulatek erakutsi baitute bikote ona direla. Egungo Arabako txapeldunak dira, eta Uribe sasoi onean dago gainera.

Kadeteetan ez bezala, gazte mailan nahiko argi dago pronostikoa, hasiera batean behintzat. Oiarbide eta Usandizagak osaturiko bikotea oso da langilea. Aurrelariak kolpe freskoa du, eta atzelariak apenas galtzen duen pilotarik. Badirudi Lopez de Calle eta Puyo koska bat azpitik daudela, baina aurreko fasean oso lan ona egin zuten, eta ezustea emateko dohainak soberan dituzte.

Jaialdiko lehen bi partidetan tanto aldeak garrantzia izan dezake, hirugarren neurketan faborito garbiak izango baitira gasteiztarrak. Mendinueta eta Perezek esperientzia handiko bikotea osatzen dute. Mendinuetan bizi ibili ohi du pilota, eta Perez sasoi bikainean dago. Zurrumurruen arabera, laster profesionala izateko aukerak ere baditu. Hortaz, daukan guztia eman nahiko du. Gaztelekuko bikotea ere une gozoan dago. Eskudero abila da errematean, eta Erasunen sendotasuna baliatuta, aukerak dituzte ezustea emateko. Hori bai, Txukun Lakuakoak oso faborito dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE