USURBILGO PAGAZPEK ETA TOLOSAK JOKATUKO DUTE BERRIA TXAPELKETAKO FINALA, DATORREN IGANDEAN, HERNANIN

Pagazpe

Usurbilgo Pagazpek edo Tolosak. Bi talde horietako batek irabaziko du XIV. Berria Txapelketa datorren igandean, Hernanin (Gipuzkoa). Besteak beste, usurbildarrek Azpeitiko Ilunpe kanporatu dute finalerdietan pasa den asteburuan, eta tolosarrek Doneztebeko Erreka. Hala, ez da iazko final bera errepikatuko. Ondorengoak izan ziren Usurbilgo emaitzak.

 

ILUNPE (AZPEITIA) 1 PAGAZPE (USURBIL) 2

Kadeteak : Alberdi II.a – Unanue 22 Galarraga – Iruretagoiena 15

Nagusiak : Iriarte – Murgiondo 12 Santxo – Gorrotxategi 22

Jubenilak : Alberdi – Egiguren 12 Exposito – Aranguren 22

Ilunpe

Igande goizez, Pagazpek Usurbilen bertan jaso zuen Azpeitiko Ilunperen bisita, eta etxean jokatzeari etekina atera zioten garaileek. Hori bai, jaialdia ez zuten nahi bezala hasi, kadeteen arteko puntuak Azpeitirako bidea hartu baitzuen. Hobeto ekin zioten lehiari Pagazpeko Galarragak eta Iruretagoienak, eta 7-6 ere aurreratu ziren. Ordea, hortik aurrera Alberdi II.a eta Unanue gehiago izan ziren. Aurrelariak hartu zuen agintea, eta defentsako sendotasuna eta erasoko distira baliatuta, 15-22 nagusitu ziren.

 

Jaialdiko bigarren partida nagusien artekoa izan zen, hala adostu baitzuten bi partaideek. Santxo eta Gorrotxategi izan ziren Pagazpeko ordezkariak, eta 22-12 garaitu zituzten Iriarte eta Murgiondo Ilunpekoak. Azken horrek ohi baino huts gehiago egin zuen, eta etxekoak aise nagusitu ziren. Iriartek nabaritu egin zuen koska bat gorago jokatu izana. Santxo izan zen laukoteko onena, partidaren zama bizkar gainean hartu eta erabat agindu baitzuen, Gorrotxategiren babes osoarekin.

 

Gauzak hala, gazteen arteko partidak erabakiko zukeen guztia. Exposito eta Aranguren usurbildarrak faborito ziren Alberdi I.a eta Egigurenen aurrean, baina lau pilotariak maila onenekoak izaki, lehia estua espero zen. Hasiera gogorra izan zuen partidak, azpeitiarrak 5-6 ere aurreratu ziren, baina ezinean aritu ziren gero. Egiguren justu antzean iritsi zen partidara, eta aurreko egunetako nekea igarri egin zuen. Arangurenek agintea eta Expositoren abiadura baliatuta, 22-12 irabazi zuten etxekoek.

 

———————————————————————————————————-

 

Tolosa

ERREKA (DONEZTEBE) 1 TOLOSA 2

Kadeteak : Loiarte – Agirre 3 Goikoetxea – Etxeberria 22

Jubenilak : Salaberria – Mariezkurrena 22 Zalakain – Auzmendi 5

Nagusiak : Onsalo – Gorriti 4 E.Labaka – Telletxea 22

 

Erreka

Emozio gutxiago izan zuen Tolosaren eta Doneztebeko Errekaren arteko kanporaketak. Nafarrak iazko txapeldunak izaki, pentsatzekoa zen finalerako sailkapena gertu izan zezaketeela, baina ezer gutxi egin ahal izan zuten gipuzkoarren aurka. Kadeteen mailan, Goikoetxea eta Etxeberria tolosarrek 22-4 menderatu zituzten Agirre eta Loiarte Errekakoak. Oso nagusi izan ziren gipuzkoarrak. Bizi ibili zuten pilota, eta gustagarri jokatzeko modua ere topatu ahal izan zuten.

Justu kontrakoa gertatu zen gazteen arteko lehian. Salaberria eta Mariezkurrena nafarrek 5-22 menderatu zituzten Zalakain eta Auzmendi. Azken hori eskuetatik justu iritsi zen partidara, eta Zalakain urrundik saiatu zen arren zerbait egiten, alferrikakoa izan zen. Gaur gaurkoz, Salaberria eta Mariezkurrena maila horretako bikoterik onena dira. Salaberria distiratsu aritu zen aurreko koadroetan.

 

Kontuak hala, nagusien partidaren arabera geratu zen kanporaketa, baina kolorerik ez zen izan. Labaka eta Telletxea tolosarrek 22-4 irabazi zieten Onsalori eta Gorritiri. Aurreikuspenen arabera, lehia estua espero zitekeen, lau pilotariak goi mailakoak izaki, baina soilik Eneko Labakaren erakustaldia ikusi ahal izan zuten Beotibarren bildutakoek. Izugarri jokatu zuen aurrelariak, eta markagailua azkar jarri zuen bere aldera: 1-8, 1-15 eta 4-22. Aurrean distiratsu aritu zen Labaka, Telletxeak ondo lagundu zion, eta nafarrak ez ziren ohiko mailara gerturatu ere egin.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE