PEBET, FINAL ERDIETARA BEGIRA

 

Joan den asteburuan, ostiral eta larunbat arratsaldez jokatu ziren Villabonako BearZana pilotalekuan Antton Pebet Memorialeko final laurdenetako partidei amaiera emateko geratzen ziren norgehiagokak.

Ostiralean gazteen mailan, Zubizarreta eta Mariezkurrenak, Exposito eta Zezeagaren aurka  jokatu zuten. Zezeagaren joko ikusgarriak ez zuen merezi adinako fruiturik eman. Mariezkurrenak huts batzuk eginagatik ondo eutsi zion Zezeagaren erauntsiari eta aurreko koadroetan Zubizarretak gehiago asmatu zuen Expositok baino. Azkenean, Zubizarreta eta Mariezkurrena nagusitu ziren 22 eta 19.

Nagusien mailan berriz, Larrañaga eta Lizeaga, Santxo eta Garmendiaren aurka aritu ziren. Partida eroa jokatu zuten, parekatua, borrokatua. 22 eta 21 bukatu zen Santxo eta Garmendiaren alde. Larrañagak tanto ederrak bukatu zituen baina ez zen nahikoa izan. Santxo eta Garmendiak baino opari gehiago egin zituen Larrañaga-Lizeaga bikoteak eta partidako gako handienetako bat hor egon zela esan liteke.

Larunbatean, gazteen mailako partidak sendotasuna eta emozioa falta izan zituen. Elola – Gaskue bikoteak nahiz eta hasierako tantoetan ongi eutsi partidari, ezin izan zioten Alberdi eta Eskirozen jokoari hutsunerik atera. Eskiroz sendo atzean, eta Gaskue ez zen nagusitzen Elolari aukerak emateko. Alberdik dezentez pilota gehiago hartu zuen aurrean, eta baita asmatu ere. Azkenean, 22-10 amaitu zen partida.

Nagusien mailan, eskumuturreko arazo bat medio, Eneko Labakak ezin izan zuen partida jokatu eta Xabi Urbieta, Asteasuko gazteak ordezkatu zuen Albizturkoa. Denbora luzez geldi egon ondoren, bere jokoa errekuperatzen ari da Asteasukoa, eta partida txukuna jokatu zuen. Telletxeak, bere bikoteak, ohi baino pilota gehiago galdu zuen, eta Arrieta – AIzpitarte hernaniarrek ez zeuden barkatzeko. Arrietak ederki mugitu zuen pilota eta AIzpitarte beti bezain dotore aritu zen. Azkenean emaitza 22-19 hernaniarren alde

Final-aurrekoak hilaren 30 eta 31n

Urtearen hondarrean jokatuko dira final-aurrekoetako partidak. 30ean, Riol – Aranguren & Anso – Aizpuru eta Urretabizkaia – Santxez& Prado – Etchegoin partidak jokatuko dira. Abenduaren 31n berriz, Zubizarreta – Mariezkurrena& Alberdi – Eskiroz eta Santxo – Garmendia & Arrieta – Azpitarte partidak jokatuko dira.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE