Partida gogorrari esker Xala finalean

Xala semifinala
Xala. Garazi Mtnez Suarez argazkia. 

Naroa Mtnez Suarez

Atzokoan Xalak lortu zuen lehenengo pasea 20ko eskuz banakako finalerako. Gaur, adi egon beharko du Eibarko partiduarekin jakiteko zein izango duen aurkari.

Finalerdia oso gogorra izan zen pilotari bientzat. Alde batetik tantoak intentsitate handiz jokatu zirelako. Bestetik, biak ala biak oso urduri kantxaratu zirelako eta horrek asko nekatzen du. Eta, amaitzeko, Labriten egiten zuen bero handiagatik, zeinek aurreko bi baldintzak areagotzen zituen. Horren isla argia izan ziren partiduan zehar egindako geldiune guztiak.

Hasieran, pilotari biak hasi ziren galtzaile. Lehenengo 8 tantoak galdutakoak izan ziren zuzenean. Norgehiagokan zehar, beste pilota nahiko galdu ziren eta zeharka galdutako kintzeak ere egon ziren, zeintzuetan pilotarietako batek erasoan huts egin eta besteentzat aukerako pilota utzi zuten.

Partidaren erdialdera arte aritu ziren sake-remantean saiatuz. Joko horretan, Olaizola erosoago zebilela zirudien, Xala, berriz, bere aurkariaren menpe. Presaz edo, laster botatzen zuen erasoa eta aurreko koadroetako jokaldietan ez zen oso fin ibili atzo. Presa hori bederatzinakoan Asier presa horretaz kutsatu egin zen ere.

Esan bezala, partidaren erdialdean joko mota aldatu egin zen, joko aldetik are gehiago gogortu zen, bereziki Yvesek gogortu zuen, bere alde jarri zuen eta orduan alde egin zuen gehien markagailuan.

Sake-rematea ahaztu eta piloteoan aritzeari ekin zion Lekuineko ezkerrak. Fisikoz gailendu zen eta orduan hasi zen distantzia hartzen. Jokaldian saiatzen zenean, berriz, tantoa entregatu edo galtzen zuen, esaterako erasoan txapara botatako pilota 13-16koan. Baina, lanari gogor jarraitu zion eta horren ondorioz, fisikoki, goizuetarra menperatu zuen. Azken hau ere alergiagatik kexu zen eta horregatik joan omen zen 12-15ekoarekin aldageletara.

Beraz, huts askoko lehiaren ondoren, iparraldeko pilotaria finalean da, denboraldiko bere bigarren finalean hain zuzen. Lan horietan, bietan, Zubieta etxarriarra izan du bidelagun. Hamabost egun barru, bi final horiek bi txapeletan bihurtzen saiatuko dira. 

Partidako datuak:

Partzialak (lehenengo zenbakia Olaizolarentzat): 0-1; 2-1; 2-2; 4-2; 4-7; 7-7; 7-9; 9-9; 9-10; 10-10; 10-13; 12-13; 12-16; 13-16; 13-20; 14-20; 14-20.

Sakez: 4 Xalak.

Dejadaz: 3 Olaizolak.

Atzean: Olaizolak 1 eta Xalak 2.

Airez: 5 Xalak.

Bi pareta: Olaizolak 1. 

Giroa finalerdirako hasi zen berotzen

Lehenengo partiduan, kantxako jarlekuak ia hutsik bazeuden ere, nahiko sarrera ona eman zen estelarrerako.

Lehenengo partiduak ere ez zuen giroa berotzen lagundu, Saralegi eta Beginok aise hartu zituztelako mendean Berasaluze eta Ibai Zabala berriztarrak, 07-22. Atzean, Beginok gehiago jo zuen eta amezketarra oso fin aritu zen errematean atzokoan.

Azkeneko partidurako, ordea, ohikoa ez den jendea zegoen, gehiago baizik. Beharbada Xala ikustera joan eta Lemunoren partidaz gozatzera geldituko ziren, biak Ipar Euskal Herrikoak izangatik.

Azkeneko norgehiagokan, gauza politak ikusi ahal izan ziren. Atzelariek beren maila gorena eman ez bazuten ere, aurrelariak bizi aritu zirelako. Urrutikoetxea joaz eta Lemuno airez pilota askotara sartuz. Gainera, arratsaldeko azkeneko saioan, emozioa izan zen nagusi. Stephane eta Iñaki partida menperatzen hasi baziren ere, gorriak 17-16koan aurreratu zitzaizkien 18rako partidan. Halere, angeluarrak beldurrik eza erakutsi eta azkeneko bi tantoak bereak izan ziren, airez egindako dejada bat hamazazpigarrena eta bi-pareta hemezortzigarrena.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE