Pagazpe, betiko bidetik Usurbilgo Pagazpek 2-1 irabazi dio Orozkoko Olgetan elkarteari, eta Lazkaoko LAPKE-ren aurka ariko da final-laurdenetan

Ezohiko jardunaldia igaro du XV. Berria Txapelketak pasa den asteburuan, kanporaketa bakarra jokatu baita. Besteak beste, seikoterik osatzen ez zuela eta, Iparraldeko selekzioak uko egin behar izan zion lehiaketari, eta Lazkaoko Lapke pilota elkarteak zuzenean eskuratu du final-laurdenetarako sailkapena. Hamabost urtean estreinako aldiz gertatu zaio halako zerbait Iparralderi. Bada, lazkaotarrek Usurbilgo Pagazperen aurka neurtu beharko dituzte indarrak hurrengo fasean, usurbildarrek 2-1 irabazi baitzioten Orozkoko Olgetan elkarteari, igande goizez, Hernaniko Udal pilotalekuan.

Jaialdiari askoz hasiera hobea eman zion Olgetanek, kadeteetako puntua erraz lortu baitzuen (5-22). Olaizola eta Arandia bizkaitarrak indartsu kantxaratu ziren, eta Albeniz II.a eta Lasa gipuzkoarrek ezin izan zuten ezer egin. Alde nabarmena zegoen bi bikoteen artean. Arandia atzelariak bikain luzatu zuen pilota ezker eskuin, eta Olaizolaren abiadurara moldatu ezinda jokatu zuten usurbildarrek. Saiatu ziren gogotik, baina alferrik. Maila horretan bikote ona osatzen dutela erakutsi zuten Olgetan elkartekoek.

Lehen puntuak hain erraz ihes eginda, hurrengo biak lortu beharrean zegoen Pagazpe azken urteetako estatusari eusteko, eta asmatu zuen. Gazte mailan Galarraga eta Aranguren gipuzkoarrek 22-11 menderatu zituzten Orue eta Barbara bizkaitarrak. Azken horiek oso motibatuta jokatu zuten, eta ez zen gutxiagorako, datorren hilean Asegarcerekin debuta egingo baitu Aranguren usurbildarrak. Motibazio horren ondorio, hasiera orekatua izan zuen lehiak (10-10). Une horretan saskira jo zuen Gipuzkoako taldeak, eta hortxe aldatu zen norgehiagoka. Pilota astunago batekin, agintzen eta ohiko maila erakusten hasi zen Aranguren, eta bigarren zatiak ez zuen kolorerik izan.

Gauzak hala, nagusien partidak erabakiko zukeen guztia. Pagazpe zen faborito garbia, baina aurrelari postuan hutsune asko zituela eta, edozer gerta zitekeen. Gorrotxategi atzelariak Albeniz I.a gazte mailako pilotari batekin osatu zuen bikotea, eta irabazi egin zieten Pagazaurtundua anaiei (22-15). Gorrotxategi jaun eta jabe izan zen atzeko koadroetan, eta bizkaitarrek ezer gutxi egin ahal izan zuten horren aurrean. Gipuzkoarrak erabat aurretik izan ziren: 8-2, 15-7 eta 22-15. Hori bai, hurrengo kanporaketan gehiagoren premia izango dute usurbildarrek.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE