Multzoburuak indartsu hasi dira XV. Berria Txapelketan

Azpeitiko Ilunpe eta Doneztebeko Erreka multzo buruek aise gainditu dituzte euren kanporaketak, eta elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan

 

Ilunpe

Profesional mailako buruz buruko txapelketan ezer nabarmentzekorik gertatu bada aurten, hori multzo buru ziren pilotarien porrota izan da. Besteak beste, koskaren gorenean ziren lau pilotarietatik laurak finalerdietatik kanpo geratu baitira. Ordea, ez da halakorik gertatu momentuz XV. Berria Txapelketan. Pasa den asteburuan sartu ziren lehian lehen bi multzo buruak, Azpeitiko Ilunpe eta Doneztebeko Erreka, eta biek aise egin zuten aurrera. Beste urtebetez, txapelaren lehian ibiliko direla azaldu zuten. Hori bai, final-laurdenetan bietako bat geratuko da kanpoan, elkarren aurka neurtuko baitituzte indarrak.

 

ILUNPE 2-1 DANOK LAGUNAK

 

Danok Lagunak

Final-zortzirenetako lehen kanporaketa Ortuellan jokatu zen ostiral gauez, eta etxeko taldeak ez zuen ezusterik eman ahal izan Ilunpe ahaltsuaren aurrean. Lehen partidatik hasita, oso nagusi agertu ziren azpeitiarrak. Izan ere, kadete mailan 22-8 nagusitu ziren Alberdi II.a eta Labaka Aragones eta Perezen aurka. Hasiera borrokatua izan zuen partidak (8-5), eta bizkaitarrak aurpegia emanaz ari ziren. Dena den, Alberdi II.a jokoan sartzen hasi zen bezalaxe aldatu zitzaion norabidea neurketari. Beste erritmo batean jokatu zuen aurrelariak, eta haren gaiari esker, lehen puntua Gipuzkoara joan zen.

Baita bigarrena ere; are errazago, gainera. Azpeitiak bi aurrelari kantxaratu zituenez, gogortasuna espero zen, baina hasi eta buka, askoz gehiago izan ziren Egiguren eta Iriarte. Batez ere aurrelaria aritu zen distiratsu, begien bistan utziz zergatik dagoen enpresa profesionalen begiradapean. Cortazar eta Vega Danok Lagunak taldeko bikoteak ez zuen egun onena izan (22-6).

Gauzak hala, dena erabakita zegoen nagusien partida hasterako, baina hura izan zen jaialdiko onena. Lezioa eman zieten Lopez Aldai eta Lopez ortuellarrek Alberdi I.a eta Murgiondo azpeitiarrei (22-15). Azken horri igarri zitzaion denbora egin duela kantxetatik kanpo, eta hasiera hori baliatu zuten bizkaitarrek alde egiteko. Lopezek sendo jokatu zuen, eta Lopez Aldaik distiratsu. Tantoak igaro ahala, Murgiondok neurria hartu zion kantxari, eta haren nagusitasuna ez zuen alferrik galdu Alberdi I.ak. Tanto polit askoak egin zituen. Dena den, ez zen aski izan irabazteko.

 

Erreka

ERREKA 3-0 TXUKUN LAKUA

 

Ilunpek erraz gainditu bazuen kanporaketa, zer esanik ez Doneztebeko Errekak, larunbat goizez, Galdakaon. Hirutik hiru partidak aise irabazita ez zion inolako aukerarik eman Gasteizko Txukun Lakuari. Kadeteetan zerbait gehiago espero zen arabarrengandik, herrialdeko txapeldun izan baitziren bi hilabete lehenago Diaz de Gereñu eta Larrieta. Ordea, benetan partida txarra jokatu zuten. Berakoetxea eta Loiarte nafarrek aski izan zuten txukun jokatzea erraz irabazteko (22-4).

Gidoi bera izan zuen gazteen arteko lehiak ere, Errekako Telletxea eta Agirre 22-7 nagusitu baitziren Otxoa eta Markaida Txukun Lakuakoen kontra. Bi atzelariak nor baino nor gehiago aritu ziren piloteoan, baina Telletxeak markatu zuen aldea. Maila horretako aurrelari onenetakoa izaki, min handia egin zuen sakea eta errematearekin, eta neurketak ez zuen kolorerik izan.

Lehen bi partidak aise irabazita, hirugarrenean ohorea zuten jokoan arabarrek, baina han ere galdu egin zuten. Barandiaran eta Aldave nafarrak askoz gehiago izan ziren jokoan, eta 22-8 hartu zituzten mendean Iribarren eta Ramos. Barandiaranek tanto onak eskaini zituen aurrean, eta Aldavek zur eta lur utzi zuen bat baino gehiago bere joarekin. Errebote batekin amaitu zuen partida.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE