LAKPE-K HUTSUNEAK IGARRI DITU, ETA EZIN IZAN DIO AURRE EGIN TOLOSARI

Tolosa

Igande goizez jokatu zen final-laurdenetako azken aurreko kanporaketa, eta Tolosak erraztasun dezenterekin lortu zuen finalerdietarako txartela. Besteak beste, Lapke-k nagusien mailan izaniko pilotari baten hutsunea igarri zuen, eta ondorioz, iazko lan ona errepikatu ezinda geratu beharko du. Ondorengoak izan ziren emaitzak.

LAPKE (LAZKAO) 1 TOLOSA 2

Kadeteak : Senar – Garmendia II 18 Goikoetxea – Etxeberria 22

Gazteak : Zubizarreta – Ruiz de Larramendi 22 Zalakain – Auzmendi 3

Nagusiak : Insausti – Garmendia 10 Labaka – Telletxea 22

 

Lapke

Kadeteen arteko partida izan zen jaialdiko onena. Lau pilotariek dena eman zuten kantxan, eta Goikoetxea eta Etxeberria tolosarrak aurretik izan ziren markagailuan une oro, baina ez zuten inola ere etsi Senar eta Garmendia II.ak. Ondorioz, markagailuan 4-8 eta 12-15 egon ziren. Etxeberria atzelaria nagusi zen piloteoan, baina Garmendia II.ak sendotasun handia erakutsi zuen, eta aurrean bi pilotariek egin zituzten tanto onak. Azken txanpa hobea eginda, tolosarrak 18-22 nagusitu ziren.

Aurrez ere jakina zen kadeteen arteko partida erabakigarri gerta zitekeela, eta halaxe izan zen. Lazkaotarren entrenatzaileak Zubizarreta kantxaratu zuen gazteen arteko partidan, eta lehiak ez zuen kolorerik izan. Ruiz de Larramendi atzean hartuta, Zubizarretak 22-3 irabazi zuen partida. Zalakain eta Auzmendi saiatu ziren onena ematen, baina alde handia zegoen bi bikoteen artean. Zubizarreta maila horretako aurrelari onenetakoa da.

Gauzak hala, nagusien arteko partidak erabakiko zukeen guztia. Lazkaok Beñat Garmendia atzelariaren hutsunea izan zuen, profesional munduak beste behin itzalpean utzi zuelako afizionatu maila, eta horrek gauzak asko erraztu zizkion Tolosari. Eneko Labaka eta Telletxea faborito ziren, eta erakutsi zuten zergatik. Telletxea nagusi izan zen atzean, eta Labakak tanto eder askoak egin zituen aurrean. Insaustik eta Manex Garmendiak ongi jokatu zuten, baina ez irabazteko adina.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE