Hatz zuria hizpide

REYNAUDEN SINDROMEA. Hatz zuriaren gaitza esaten zaiona oso ohikoa da pilotarien artean. Pilota gogorrekin goizegi hasteak zirkulazio arazoak sor ditzake hatzetan

IMANOL MAGRO / Berria

Ander Letamendia, pilotazale sutsuaz gain eminentzia bat da pilota munduko medikuntzan. Eskuetako odol irrigazioarekin arazoak izan dituzten pilotari ugari tratatu ditu eta gaitz mota horien inguruan bideratu ditu bere ikerkuntzak. Atzo, eta berak ere gaitz larri bat igaro berri duela, hitzaldia eman zien Deban kontzentraturik dauden Asegarceko pilotariei. Bertan, hatz zuriaren gaitza oinarri hartuta eskuko odol-fluxuarekin zerikusia duten gaitzak azaldu zituen. Horrekin batera gaiaren inguruko tratamenduak, ebakuntzak, eta takoen kokapen egokiaz mintzatu zen.

Letamendiaren ustez, gaur egun Reynauden sindromea, hatz zuria esaten ziona, eta irrigazio arazoak dira min ohikoenak pilotariarengan, «eskuko minaren aurretik». Eta larriago dena, tankera horretako lesioak gero eta «ohikoagoak» dira pilotari gazteengan, izan ere medikuak azaltzen duenez «pilota gogorrarekin heldu gabeko eskuekin hasten diren jokalariek, arrisku handiagoa dute behin eskuak helduta dituztela hasten direnek baino». Ildo berean oso kritiko ageri da pilotari gazteei pilota gogorra ezartzeko egoten den presarekin, «pilota goxua eta gogorraren artean, gutxienez bitarteko bi pilota egon beharko lirateke», adituaren esana.

Sintomak eta tratamendua
Asko izan dira hatz zuriaren sindromea, edo eskuko irrigazio faltarengatik lesioak pairatu dituzten pilotari profesionalak. Besteak beste, Zearrak iaz, Oskar Lasak Letamendiak tratatu duen kasurik «larriena» edo egunotan tratamenduan dagoen Iñaki Otxandorena. Hatz zuria hizpide hartu zuenean Letamendiak lesioa hautemateko bideak azaldu zituen lehenik.

Odol gutxi jasotzen duen hatzak eraldaketak jasan ditzakela azaldu zuen, hasieran zuri kolorea hartzen badu ere, ohikoa da hatz bera urdindu eta azkenik gorritzea. Hatz zuriaren gaitzaren sintomak azaltzean, kanpotik ikus daitekeen sintometaz aritu zen: mina, hotza, taupaden haztapena edo hazten ez diren azazkalak besteak beste. Sintomak urteetan aztertu ostean, Letamendiak konklusio bitxi bat lortu: aurrelariengan gaitza ohikoagoa da hatz erakusle eta luzean, atzelariengan, aldiz, hatz luze eta nagiak pairatzen dute hatz zuria. Sintomatologiaren larritasuna sailkatzeko Letamendiak bost mailetan banatzen du gaitza. Mailaketa horretan aldian behineko hatzaren zuritasunarengandik, nekrosi zantzu nabarietara iristen da, infekzioa eta aurre nekrosia igaroz. Sintomak aurkezten direnean tratamendu egokia eramateko Letamendiak ezinbestekotzat jotzen ditu, «pazientzia, zentzua, zuhurtzia eta arriskurik ez hartzea». Botika bidezko tratamenduekin bat, medikuak lan psikologikoa ere gomendatu zuen. Gaitz hauek ohikoagoak direlako pertsona urduri eta estresatuen artean.

Ebakuntza eta takoak
Halere, kasu askotan, ebakuntza izaten da irteera bakarra, eta hor ere aurrerapausu nabariak eman direla azaldu zuen Letamendiak. Simpatectomia izaneko teknikaren aurretik, hatz zuriaren gaitza zuten pilotariei lepoko nerbio sisteman ebakuntza egiten zieten hatzeko mina gutxitzeko. Egun aldiz, kirurgia zuzena erabiltzen dute hatzaren gainean, orbaina eskuaren kolpatze eremutik aldenduz. Hizlariak zehaztu zuenez, mediku batzar batean beisbolean pilota hartzen zuten jokalariak tratatu zituen mediku batek ezagutarazi zion ebakuntza hau.

Hitzaldiaren azken zatian odol-fluxu arazoak ekiditeko gomendioak eman zituen. Lehenbizi esku mamiko giharrak lantzearen garrantzia azpimarratu zuen. Gero takoak nola jarri behar diren azaltzean, Letamendiak hainbat gomendio eman zituen, besteak beste tako guztiek garaiera berdina izan behar dutela, eta «inoiz» ez direla hatz tartean jarri behar, odol fluxua eragozten baitute.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE