Hastear da V. Antton Pebet Memoriala

Kronika: Iñaki Otaegi » Gibitegi II»

Abenduaren 9an hasi eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko da txapelketa.

Aurtengoan ere, Villabonako Behar Zana elkartekoek, badute pilotazalea asetzeko asmoa. Beste behin eta aurten bosgarren aldiz antolatu dutelako eskuz binakako Antton Pebet Memoriala, Behar Zanan pilotan aritzen zen Angleteko gaztearen oroimenez jokatzen dena.

Ohitura duten bezala, aurten ere gabon bueltan ospatuko da. Abenduaren 9an hasi eta urtarrilaren 7ra arte luzatuko da txapelketa, eta Euskal Herriko pilotari hoberenak aukeratzen ahalegindu dira.

Partidak, ostiral eta larunbatetan jokatuko dira. Guztira, 7 jaialdi eta 16 bikote bi kategoriatan banaturik.

Eta hauxe da aurtengo nobedadeetako bat; aurreko edizioetan hiru mailatan banatzen zen txapelketa. Kadete, jubenil eta senior mailatan. Baina aurtengoan, gazte eta nagusi mailan banatuko dira. Jaialdiko bi partida jokatuz; lehenengoa gazte mailan, eta bigarrena nagusi mailan.

Asteburu honetan, ostiral arratsaldean eta larunbat goizean jokatuko dira partidak.

Ostirala, abenduak 9, 19:00tan hasita:

1.- Riol – Aranguren & Salaberria – Ruiz

2.- Espinal – Gorrotxategi & Urretabizkaia – Santxez

Larunbata, abenduak 10, 11:00tan hasita:

1.- Anso – Aizpuru & Etxeberria – Ibarloza

2.- Prado – Etchegoin & Azpiri – Murgiondo

Esan liteke txapelketa hau erreferente bihurtzen hari dela gabon inguru hauetan eta denborarekin, izen handia hartuz eta jende gehiago hurbilduz doala partidetara. Elite mailako txapelketa ederra antolatzen dutelako. Egun profesionaletan dauden Artola, Altuna, Tolosa, Jaka, Arteaga, Erasun, Peña, Agirre, Elordi, Mendizabal III, Martija, Ugalde, Laso, Urruzola, Dario edo Imaz bezalako pilotariek jokatu zuten txapelketa bere garaian, eta beraz, ezin zalantzan jarri maila altuko partidak ikusteko aukera izango dela Villabonako Bear Zana pilotalekuan, ostiral honetatik aurrera.

Bestalde, sarrera doakoa izango da jaialdi guztietan eta ohitura duten legez, jaialdi bakoitzean saski eder baten zozketarako errifak salduko dituzte. Beraz, hilabete batez pilotazaleek izango dute Villabonan zertaz gozatu.

 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE