Gernikan jokatuko da Munduko Zesta Punta Txapelketa

Kiniela erako lehen Munduko Txapelketa, aldiz, Paueko pilotalekuan jokatuko da apirilean

I. MAGRO / Berria

Enpresen arteko akordio falta zela-eta, iaz bertan behera gelditu ostean, aurten berriz jokatuko da Profesional Mailako Munduko Zesta Punta Txapelketa. Nazioarteko Federazioak urtarrileko bileran erabaki zuenez, aurtengo Munduko Txapelketa Gernikan jokatuko dute, irailaren hasieran. Aurten, dirudienez, ez da inolako antolaketa arazorik egongo, Eusko Basque baita Gernikako jaialdiak antolatzen dituen enpresa, eta Munduko Txapelketaren eskubideak ere Durangoko enpresaren esku daude. Halere, bertan parte hartuko duten bikoteak zeintzuk izango diren zehazteke dago oraindik, Jai Alai Sporteko buruek ez baitute inolako oharrik jaso oraindik.

Bestalde, apirilaren 20, 21 eta 22an kiniela erako lehen Munduko Txapelketa Profesionala jokatuko dute Pauen (Frantzia). Apiriletik aurrera Eusko Basquek kudeatuko du Paueko pilotalekua, eta lehen egunetarako txapelketa erakargarria antolatu nahi izan dute. Munduko Txapelketa berrian Euskal Herriko enpresetako pilotariek eta egun AEBetan jokatzen ari direnek parte hartuko dute.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE