ERKIAGA, ZESTA-PUNTAKO ERREGE BERRIA

* Erkiaga eta Ibarluzea nagusi Eusko Label Winter Series txapelketako finalean.

* Ibarluzeak partidu izugarria jokatu du: seguru, huts gutxi eta egin beharrekoa ondo eginez. 

* Goikoetxea: «Pisu handi bat kendu dut gainetik»

* Erkiaga ispastertarrak PILOTARI ONENAREN EITB saria jaso du

* Giro itzela Gernikako Jai Alai pilotalekuan, Erkiagaren erakustaldi handi baten lekuko.

ERAMAN!

GOIKOETXEA-LEKERIKA vs ERKIAGA-IBARLUZEA: 11-15, 6-15

Goikoetxearen erregetza bukatu da. Erretiroa hartu baino lehenagotik, bere postua eskatzen ari zen Erkiaga. Ispasterkoak urte batzuk daramatza gorengo mailan onena izaten. Hala ere, denborak errespetatu egin behar dira eta Aritz, beste edozeren gainetik, pertsona eta lagun ona da. Goikoetxearen erretiroa ofizial egin denean, orduan hartu du Iñakik izan duen «Errege» titulua. Apal, umil, elegante eta joko maila sinestezin batekin. Onena da Erkiaga, baina baita eleganteena eta argiena (listoena) ere. Winter Sereiseko lehen edizioa Zabalerekin irabazi zuen. Hirugarrena berriz, Ibarluzearekin. Kasu bietan, atzelariei aholkatu, asentatu eta erakutsi egin die Aritzek. Aholku horiei esker, aparra bezala, gora egin zuen Zabalak, eta gora egin du orain Ibarluzeak.

Egia da, Aritzek egin du Ibarluzea txapeldun. Baina markinarrak jokatu duen finala, grabatu eta gordetzekoa izan da. Partidu ederra jokatu du, errebes oso elegantea dauka. Oso seguru agertu da. Pilota zailak ere jarri ditu. Eta tokatzen den moduan, tontakeriarik ez du egin. Kategorizko partidua jokatu du Ionek eta ez da erreza bere egoeran halako maila ematea. Ikasi du hori lortzeko zer egin behar den. Zesta-puntako atmosfera horretatik deskonektatu eta dakienari, Erkiagari egin kasu. 

«Pisu haundi bat kendu dut gainetik» esan du Goikok partida bukatu eta berehala. «Ez dut finala irabazi, baina lagun bat irabazi dut». Iñakiren berba ederrak Lekerikarentzat. Bikote marroia nagusi izan da partiduko lehen bi tantoetan. Piloteoa egon da eta Erkiagak ezin izan du sartu ere egin. 0-2. Baina handik aurrera… ai Erkiaga! Pilota saskian sartu eta frontoi guztiak dardara egiten du. Frontoiak orro egiten du Aritz sahietseko posturan jartzen denean. Berdin da zein koadrotan dagoen. Zazpian, zortzian, bederatzian.. Aritzek gorputz okertu, bere xistera erasoko posturan jarri eta aurkari biak posiziotik ateratzen ditu. Xake taula dirudi. Goiko aurrean dago baina, nora joan? Barrura ala zabalera? Leke berriz atzean. Baina, atzean geratuko naiz ala txokora joango naiz lasterkoa? Erkiagak pilota bota aurretik deskolokatzen ditu arerioak, eta hori tantoa egitea beste da.

Zesta-puntan «trasteatu» esaten zaio pilota orain leku batera, orain bestera botatzeari. Termino «latinoa» da, Mexiko, Kuba eta Floridako historia barruan daramalako oraindik Jai Alaiak. Pilota beti leku berean jarri ezkero, trukoa erraz harrapatzen da. Baina Aritzek pilota errebesez hartu eta «trasteatu» egiten du. Nora botako dut? Orain barrura, orain atzeko txik-txakera, orain horma-bikoa…  Edozein lekutara jaurtzeko gaitasuna dauka, eta arerioentzat ezinezkoa da 627 m2 kubritzea. Defentsarako orduan infernu bat baita Gernikako kantxa.

2-2, 3-3 eta 4-4 berdindu duta. 4-5 jarri dira lehenengoz arrosak aurretik eta hormabikoz jarri du Erkiagak 4-6koa. Lortu dute marroiek seina berdintzea, zazpina ere bai, baina lehen atsedenaldira arrosak heldu dira aurretik: Erkiagak errebotea ezinhobeto errebesez, Lekerikak hormaren kontra jauzi itzela, pilota eramatea lortu, baina Erkiagak beste errebote bikain bat bota eta Lekerikak ezin. 7-8.

Atzelari gernikarra ezinean ibili da gaurkoan. Material kontuetan ere Erkiaga baita argiena. Pilotaren larruari, kosturari, koloreari, tamainari… denari erreparatzen dio. Bikote arrosa eroso aritu arren, lantzean behin pilota aldatzen izan du Aritzek. Helburua: materiala ez bizitzea. Pilota bizi dagoenean jartzen baita Lekerika arriskutsu. Gaur ezin izan du. Lan zailak izan ditu Erkiaga gainetik pasatzen, bai errebesez eta bai eskumaz. Aritzek, zortzian hartuta ere, tantua bukatzen du. Zer egin? Albotik hobeto pasa dio goitik-behera baino, baina hala ere oso zaila. 

Zortzi kuadrotik barrura bikain bota du Aritzek (7-9); lehenego txokora eta hormabikoa ondoren ispastertarrak (8-10); sake-errestoan erreboteko zulora ere bai (9-11). Marroiek ezin euren jokua egin eta Aritz ezin inork geldiarazi. Horma-bikoz egin du 9-12ko tantua. Zerbait urreratu dira marroiak, Lekerikaren errebote on bati esker (10-14) baina Aritz Goikoetxearen sakera sartu eta bizkaitarrak berak amaiatu du, nola ez, seta. 11-15.

Markagailua beharrean, jokoa izan da marroien arazoa eta bigarren setean ezin izan diote egoerari buelta eman. Kontrakoa. Inpotentzia eta etsipena nagusitu dira. Aritzen «metrallari» ezin erantzun eta Ibarluzeak hutsik egin ez. Markinako pilotariak erakutsi du Gernikan jokatzeko atzelari egokia dela. Errebes soltea dauka, bere posizioa ondo zaindu du eta aurrelariari segurtasuna eman dio. Hori da atzelari baten lana. Bigarren set honetan, Erkiagaren beste erakustaldi bat ikusi dugu. Pilota asko izan du aukeran eta nahi duen eran bukatu ditu tantuak. 

Joko honetantxe ikusi ditugu geure begiz, Goikoetxearen kirol-ibilbideko azken erremateak ere. 2-4koa ederra, errebotean bi-paretak botata. 5-11-koa izan da hurrena, goitik behera, eskumaz, horma-bikoa. Goiko handiaren, Goiko estratoferikoaren azken txinpartak izan dira. Onenaren lekukoa pasa baitio jada Aritz Erkiagari. Ispasterko magoak ezinhobeto bota du txik-txakeko angulura (6-12) eta sahietseko postura berean, erraz horma bietara (6-13). Batzuk Lekerikaren huts bezala hartu dituzten tantoak berriz, Ibarluzeak eginak izan dira. Ezker horman eta atzeko paretean egindakoak. 

6-14, azken sakea. Goikoetxea adi errestoan. Aritzek, partida guztian 6 terdira bikain aterata, ezin izan dio azken sakea Goikori kendu. Sartu egin da zumaiarra. Finala galdu bai baina tantu eder bat egin nahi izan du, zaleak agurtu eta omentzeko. Bota du. Sahietsetik. Baina txapara. Metal-hots horretan bukatu du 28 urteko ibilbidea. 16 urterekin Milanen, oraindik ume bat izanda hasi zuen bizi ikasgaia. Zenbat eman dion orduz geroztik zesta-puntari. Newportera joan, Orlandon «eztanda» egin, Miamin nagusitu eta orduz geroztik egindakoak.

Batzuek bere kirol-maila nabarmenduko dute: indarra, abilidadea, esku bietatik izan duen jokoa, buruz-buruko emandako erakustaldiak… norekin konparatu daiteke?

Beste batzuek, zestari eskini dion eskaparatea dute gogoan. Red Bull, Loewe… ikusgarritasuna eman dio Goikok horren premian egon den Jai Alaiari. 

Zumaian berriz, Iñaki maite dute. Kirolaritik aparte dagoen pertsona. Herrikoa. Apala. Harrokeri gabekoa. Zumaiako azken arrantzontziko marinelaren eta Arritxuren semea. Luis eta Igorren anaia. Antonellaren senarra. Iker eta Aitanaren aita. 

Guk ere hori baloratzen dugu. Pertsona. Eta pertsona horrek zesta-puntari eman dizkion baloreak.

Goikoetxeak badu oinordekoa eta titulu hori ondo merezia du Erkiagak. Kantxan bera da errege berria, eta kantxatik kanpo ere, bera da Goikoetxearen baloreen transmisore handiena. Seguru nago momentu honetan Ispasterren dagoela Aritz, apal-apal, bere gertuko eta lagunekin gaurko txapela ospatzen. «Ibarluzeak kriston partidua egin du», esango du. Egia da. Baina Erkiaga ematen ari den erakustaldi-sorta, inoiz ez ahatzekoa da. 

Bejondeizula Erkiaga eta zorterik eta animorik onenak, hemendik aurrera Ion Ibarluzeari. 

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE