DINASTIA ETXABE, 2022.08.25


DINASTIA ETXABE, 2022.08.25

50.urteurreneneko pilotari txapeldunak: BASTERRA-URANGAzesta-puntan, eta APEZETXEA-PEÑALVER eta IGOA-ERLEeskuz.

Hauexek atzo gauean jokatutako hiru partidetako emaitzak:

1. Zesta puntaz, IRIONDO-MANTZISIDOR 1BASTERRA-URANGA 2

a. Lehenengo jokoan: 12 eta 9 Iriondo eta Mantzisidoreen alde.

b. Bigarrengoa  ere 12 eta 9 amaitu zuten baina Basterra eta Urangaren alde.

c. Hirugarren erabakigarrian 5 eta 2, berriro era Basterra eta Urangaren alde.

2. Eskuz jubenil mailan. ARANBARRI-BERNAOLA 19 APEZETXEA-PEÑALVER 22

3. Eskuz 23 urtez azpikoan, MATA-IBARLOZA 14 IGOA-ERLE 22

Zesta-puntazko partiduaren markagailu ibilbidea:

1. Jokoan: 0-3, 1-3, 1-4, 2-4, 2-5, 4-5, 4-9 eta 12-9 Iriondo eta Mantzisidorren alde.

2. Jokoan: 1-0, 1-2, 2-2, 2-4, 3-4, 3-5, 6-5, 6-6, 8-6, 8-8 9-8 eta 9-12 Basterra eta Urangaren alde.

3. Jokoan: 1-0, 1-2, 2-2 eta 2-5 Basterra eta Urangaren alde.

Tantoen banaketa 3 jokoetakoak batuta:

• IRIONDO: egindakoak 11eta galdutakoak 9.

• MANTZISIDOR: egindakoa 1 eta galdutakoak 7

• BASTERRA: egindakoak 7 eta galdutakoak 6

• URANGA: egindakoak 3 eta galdutakoak 5.

Pilotarien jokoari buruz:

• Julen IRIONDO, (RETOLAZA). Nahiko ondo jokatu zuenberriatuatarrak, eta bere pilotakadak min asko egin ere bai berriro, atzera luze bidalitakoak bezala aurrean txaparen gainean jo eta bazterreratutakoak ziztu bizian asko, era honetan egin zituelarik tantorik gehien. Okerrak zuzentzeko margen askorik ez duen hirugarren jokoan galtzaile agertu zen baina, eta ohartzerako 2 eta 5 galtzaile eta agur txapelari.

• Mikel MANTZISIDOR. Final aurrekoetan baino dezentez okerrago mutrikuarra atzo. Ez zuen ematen pilotari bera ikusten ari ginenik, bere lekutik kanpo ere bai zenbait pilotara jartzerako orduan eta eramateko erraz samarrak ziruditenak galtzen ere bai tarteka, zazpi azkenerako eta bakarra egindakoa. Ez dira zenbaki onak.

• Julen BASTERRA. Ez zen ondo hasi hondarrabitarra, baina partidua aurrera zihoan hala asentatu zen kantxan eta tantoak egiteko ausardiarekin jokatu ere bai. Modu horretan, eta bikote lagun Urangak oso ondo lagunduta, irabaztea lortu zuen bigarren jokoa. Hirugarren erabakigarrian ere ausart atera zen partidua irabaztera eta asmatu. 

• Unai URANGA. Partidu ona zumaiarrarena eta, bikote lagun Basterrarena bezala, bere jokoa behetik gora joan zen. Bost pilota galdu zituen baina horietatik 3 lehenengo jokoan. Beste hiru tanto ere egin zituen ordea, eta ez da txarra atzelari batentzat. 

Eskuzko jubenil mailako partiduaren markagailu ibilbidea:5-0, 5-1, 8-1, 8-6, 9-6, 9-8, 12-8, 12-11, 13-11, 13-12, 15-12, 15-15, 16-15, 16-18, 18-18, 18-20, 19-20 eta 19-22 Apezetxea eta Peñalverren alde.

Tantoen banaketa:

• ARANBARRI: egindakoak 8 eta galdutakoak 5.

• BERNAOLA: egindakoak 1 eta galdutakoak 7.

• APEZETXEA egindako 8 eta galdutakoak 5.

• PEÑALVER; egindakoak 2 eta galdutakoak 5.

Bakoitzaren lana kontatzera pasa aurretik, gogotik lehiatutako goi mailako partidu on eta gustagarria jokatu zutela esan behar lau pilotariak.  635 pilotakadako norgehiagoka eskaini zigutena, bikain altu bateko nota jarri behar zaielarik laurei. Oso ondo jokatu zuten, eta ematekoak eman ere bai kantxan. Ez zuen inork galtzerik merezi. Hau esanda, hauxe azpimarratzekoa pilotari bakoitzak egindako lanari buruz:

• Mikel ARANBARRI. Hasiera distiratsua bezain ona izan zuen, eta bere jokoari esker batik bat, 5-0 eta 8-1 jarri ziren aurretik markagailuan Bernaola eta biak. Bikain jokatu zuen, defentsa lanetan ezin hobeto eta aukerako pilotetan ausardiarekin tantoa bukatzera sartuaz, horretarako duen armarik onenarekin ere asmatuz atzo, zortzi egindakoetatik lau ezker-gantxoz egin bai zituen. Asko kostatzen da berari tantoa egitea, eta ez du behar aparteko aukerarik berak egiteko. Pilotari gustagarria azkoitiarra, ondo jartzen dena pilota bakoitzera eta abiadura ematen dakiena, erasoan bezala defentsa lanetan.

• Aingeru BERNAOLA. Latz jokatu zuen mañariatarrak atzo, final aurrekoetan baino askoz hobetoago, esku ezkerrarekin sendo eta eskuinarekin pilota astinduz. Tanto bat egin zuen eta zazpi galdu eta, asko ez diren arren hainbesteko zartadaz behin eta berriz emandako pilotakadentzat, hortxe egon zen norgehiagoka galdu edo irabazteko gakoa, bere aurkari Peñalverrek gutxixeago galdu bai zuen. Pilotari noble eta langilea Anboto magaleko bizkaitar hau, Lea-Ibarrako pilota elkartetik jokatzen duena baina.

• Beñat APEZETXEA. Partidu handia jokatu zuena atzo ere, baina aurrekoetan baino lan gehiago egin da noski. Beraren joko onari esker parekatu samartu zen markagailua norgehiagokaren lehenengo zatian, 8 eta 1etik 8 eta 6raino hurreratuz aurrena, eta 12 eta 8tik 12 eta 11raino gero. Erritmo handiz jokatu zuen, eta erremate ikusgarriak egin ere bai, tanto izatera iritsi ez ziren ezker-gantxoz jotako bi pilotakadekin egindakoak bezala, oso zentimetro gutxirengatik gehitxo joan zitzaizkionak zabalera. Joko erauntsi horri eustea zaila izango zela jabeturik baina, bere atzelari Peñalverren bizkar utzi zuen geroxeago partidaren protagonismo eta erantzukizun handiena, eta asmatu egin zuela esan behar, hark ezin hobetoago erantzunez goizuetarrak jarritako erronkari eta, partidaren azken unean goizuetar bera bilakatuz berriro ere partiduko protagonista nagusi, tanto eder eta erabakigarriak eginaz, ezker ormaren kontra ezkerrarekin goitik behera pilotari takatekoa eman eta egin zuena bezala. Baina erremate kontuekin ari garela, bere gaitasunak ez dira horiek egitera bakarrik mugatzen, egin behar lituzken itxura osoarekin abiatu eta azken orduan atzelariari pilota frankoak uztekoari ere bai, denak engainatuz, baita bere atzelaria ere. Alderdi on asko beraz goizuetar gazte honek dituanak pilotan jokatzeko.  

• Jonan PEÑALVER. A ze nolako partidua jokatu zuen Tafallako atzelariak atzo. Hasieran egin zituen akats bat edo beste, eta aurrez esaniko bikote lagunaren pilota jotzeko keinuetan despistatu samar harrapatuta aurkitu ere bai, baina ondo baino hobetuago gailendu zituen akats horiek gerora. Nola defenditu eta nola eman zioen pilotari alajaina.., eskuina izanik, ezkerrez goitik behera joaz ere bai laugarren koadrotik atzera zituela hankak behi baino gehiagotan, eta takateko emanez gainera pilotari. Bi tanto ere egin zituen, bat atzera luzatuz pilota, eta bestea seigarren koadro ingurutik zabalean ondo baino hobeto moztutako pilota batekin. Nor baino nor aritu ziren Bernaola eta biak atzeko koadroetan pilotari behin eta berriz ematen, eta bizkaitarraren atalean esanda bezala, tafallatarrak lortutako zenbaki hobeagoak erabaki zuten norgehiagoka gerriko urdinekoen alde. Gustura zen partidu amaieran, eta bazuen arrazoirik horrela sentitzeko, bikain jokatzeaz gain txapela bururatu bai zuen. Jarrai beza horrelaxe gogotsu pilotan jokatzen, eta ziur izango dituela ospatzeko garaipen gehiago ere. 

Eskuzko 23 urtez azpiko partiduaren markagailu ibilbidea:1-0, 1-4, 2-4, 2-6, 3-6, 3-7, 6-7, 6-14, 7-14, 7-17, 11-17, 11-19, 12-19, 12-21, 14-21 eta 14-22 Igoa eta Erleren alde..

Tantoen banaketa:

• MATA: egindakoak  8 eta galdutakoak 4.

• IBARLOZA: egindakoa bat eta galdutakoak 7.

• IGOA: egindakoak 11 eta galdutakoa bakarra.

• ERLE: egindakorik ez eta galdutakoak 4.

Jubeniletako partiduan bezala, aipamen txiki bat egin behar hemen ere bakoitzaren lanak aztertzera pasa baino lehen. Eta zoritxarrez ez han bezala kontu onak esateko, partidua guztiz baldintzatu zuen gertakari baten berri emateko baizik, beroketa lanetan MATAk bere ezker orkatilan izandako bihurriturengatik hain zuzen ere. Pena bat, partidu orekatu bezain interesgarria aurreikusten zelako, eta benetako lehiarik erakusteko aukerarik gabe amaitu behar izan zuelako azken finean.

• Unai MATA. Zorte txarra berea. Partidu hasieran ez genion ezer antzeman, aldageletara sartu zen arte, eta reflex usaina berekin zuela kantxaratu ere bai handik gutxira. Baina spraiak sendatzeko baino oker handiagoa nonbait eta bigarren aldiz aldageletara sartua, kantxan behar bezala mugitzeko zailtasun nabariak ikusten zitzaizkiola.  Eta hortik aurrera errenka partidu guzian zehar. Hala ere zortzi tanto egitea lortu zuen iruindarrak, eder askoak ere bai ezker airez tarteka, partidua aurrera zihoan garaian, txokoan ezin hobetoago utzita bezala zabalera ondo zeharkatuz, eta zerbait esan nahi du honek ere bere alde. 

• Aimar IBARLOZA. Ohituak gauzkan mailan markinatarra, ezker eskuinarekin bere batean ondo jokatuz, baina pilota erraz samarrak ere galduaz tarteka. Jokatzeko zegoen eta bikote lagunaren lesioa gertatu ez balitz txapela irabazteko aukerarekin ere bai. Aipaturiko pilota galtze horietan dubehar bada baina gabeziarik seinalagarriena horretarako, atzelari on bati eskatzen zaion sendotasuna lortzeko ezinbestekoa izanik alor hori hobetzea aurrera begira.

• Josu IGOA. Ondo jokatu zuen etxarri-aranaztarrak, baina haizea alde zuela ere bai Mataren lesioa medio. Ez zaio bere garaipenari meriturik kendu behar baina, baldintza hauetan ere ez delako erraza izaten ondo jokatzea, eta bere lanak ondo egin zituen. Pilota bakarra galdu zuen eta hamaika tanto egindakoak atzo, airez txokoan utzitako eta ezker-gantxoz ederrez zabalean egindakoekin pilota ikuskizuna emanik Matak bezalaxe. Txapelketa ona jokatu du, bere jokoa hobetuz partiduz partidu, nahiz eta bikote lagun ordezkoarekin aritu beharra izan duen azken hiru norgehiagoketan, eta merezitako txapela lortu du azkenean.  

• Iñigo ERLE. Gogotsu etorri zen, Lapke pilota elkartetik jokatzen duen atzelari oñatiarra, baina ez zen bakarrik etorri, bere herriko pilota elkarteko ordezkari eta lagun talde on bat atzetik bultzaka zuela, eta ez zituen leku txarrean utzi, ez horixe. Kolpez fresko, eta pilotari bizi emanez hasi zuen partidua bere bi eskuekin, eta atzelari aurkariari bizkarra erakusten ziola aritu zen norgehiagokaren zati gehienean, ezkerrarekin aurrelari aurkariari errematerako pilotak kentzen ahaleginduz, eta eskuinarekin zartakoa tireaz, eta nahiz eta ez duen beti gozatzen pilota, ikututa joaten da gehienetan hura, eta zailtasunak ekarri behar duenarentzatnoski. Goraka doan pilotaria da, eta gehiago joango dena oraindik ere. Indarrik ez zaio falta, eta laneko jarduera berak ere lagunduko dio horretan.

Sari emate eta gainontzekoak:

Pilotari finalistei zegozkien sariak eman eta irabazleei txapelak jantzi ondoren, omenduentzako tartetxoa, oroigarri bana emanezhauei azken urte luzetako ohiturari jarraituz. Aurten, Dinastia Etxabe Pilota txapelketaren 50 urteko ibilbidean zehar antolaketa lanetan aritutako Zumaiako Kirol Elkarteko Presidenteei: Javier Carballo, Joxe Mari Zubimendi, Luis Mari Alberdi, Jesus Mari Unanue, Jexux Iribar, eta Iñaki Ostolazari hain zuzen ere.

Txapelketari buruzko balantzea egiterako orduan, aurten zesta-punta eta guzi, azken urtetako onenetarikoa izan dela esateko moduan gaude, pilotariak kantxan erakutsitako jarrera jator eta lehiakorraz gain, joko ikuskizun onik ere eskaini dutelako, eta atzoko partiduak horren lekuko. Norgehiagoka gogor eta estuak dezente izan dira, eta adibide gisara azpimarratzekoa:

• Eskuz jokatutako 18 partidetan, gutxi batzuk izan direla oso errez erabakitakoak. Zehaztasun gehiago emateko, galtzaileak 10 tantotik behera geratu diren partidak bi soilik izan dira, biak jubenil mailan, eta galtzaileak 15 tanto edo gehiago egin eta geratutakoak hamar.

• Zesta puntazkoetan ere hiru partidak izan dute hirugarren jokoaren beharra norgehiagoka erabakitzeko. 

Pilotazaleen erantzuna bestalde, azken urteetako onenetarikoaaurten.

Eta besterik ez aurtengoz, agurtu eta eskerrak ematea baino:

• Parte hartu duten pilotari eta hauen ordezkariei aurrena, ordezkatutako Pilota Elkarteak hauexek izanik:

1. LAPKE-Lazkao, 7 pilotari

2. Tolosa-Aurrera, 5 pilotari

3. Oberena-Iruña, 5 pilotari

4. Mundarro-Astigarraga, 2 pilotari,

5. Erreka-Malerreka, 2 pilotari

6. Adiskide-Galdakao, 2 pilotari

7. Irurtzun, 2 pilotari.

8. Eta pilotari banakin beste 17 pilota elkarte: Gazteleku-Andoain, Oteiza-Azkoitia, Barberito Iº- Baños Del Rio Tobia, EPLE-Errenteria, Ezcaray,Ilunpe-Azpeitia, Herriaren-Laudio, Hernani, Lea-Ibarra, Markina, Oiarpe-Oiartzun, Soraluze, Sopela, Tafalla, Umore Ona-Goizueta, Joku Alai-Zeanuri eta Zestoa, 

• Jaialdiz jaialdi Aitzurira hurbildu diren pilotazaleei bigarren.

• Txapelketaren ahots izandako kazetari eta beste zenbait pilota aditu ere bai hirugarren.

• Eta azkenik, baina ez garrantzia gutxiagorekin noski, Zumaiako Udalari.

Agur bat, eta datorren urtera arte.

Zumaiko Kirol Elkartea

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE