Buruak bihotza garaitu du

Zeberio II.a-Auzmendik gogotik lan egin behar izan dute Binakako Txapelketako finala irabazteko

IMANOL MAGRO / Berria

Txapelak irabazteko, finalak jokatzen jakin behar da. Pilotariek beti diote finalak partida bereziak direla, eta jokatzeko modua ere ezberdina dela. Zeberio eta Auzmendi zailduta daude final kontuetan, eta atzo kontrarioak baino askoz argiago aritu ziren. Helburua Ezkurra saihestea zen, Ion kargatzeko, eta bete-betean lortu zuten. Ideiak garbi zituztela irten ziren, eta partida osoan aukera horri eutsi zioten. Hala hasieran, nola akaberan, tantoa atzean. Zeberiok ikuskizuna sakrifikatu zuen eraginkortasunaren alde, eta Auzmendik partida aparta jokatu zuen. Finaletan tanto politek itsusi eta trabatuek bezain beste balio dute, eta burua hotz mantendu ezean zail da txapela janztea.

Ezkurrak eta Ionek, ostera, bihotzarekin jokatu zuten. Aurkarien estrategiari aurre egin ezinik, Doneztebeko aurrelariak bere onena eman zuen. Aurrean pilota guztietan sartu zen, eta pilota txar asko kendu zizkion Ioni. Baita utzi beharreko mordoxka bat ere. Atzean, Ion gazteak gaizki hasi zuen finala, eta izerdiarekin batera patxada heldu zitzaion. Partidaren erdi aldera gora egin zuen, eta defentsan meritu handiko jokaldi asko egin zituen. Finala, baina, luzeegia egin zitzaion, eta azken txanpan, piloteoan, zama ez zuen eramaterik lortu. Kotetok eta Ionek kuraia eta adorea izan zituzten armatzat, eta ez zuten maila txarrik eman. Txapela, ordea, ez da bihotzean janzten, eta finaletan burua bihotza baino garrantzitsuagoa da. Zeberiok eta Auzmendik atzo berriz erakutsi zuten hori, euren buruak gorrien bihotza garaitu baitzuen Galarretan.

Ionen hasiera kaskarra

Finala hotz hasi zen. Aurreneko tantoak oso txarrak izan ziren. Auzmendik sakatzaile trebea dela gogorarazi zien Ezkurra eta Ioni, eta bere sakeek hasiera baldintzatu zuten. Ionek, berriz, gaizki ekin zion partidari. Txokotik sakatzen hasi zen, eta ez zuen Zeberio saihestea lortu. Azpeitiar gaztea oso urduri hasi zen, eta urdinek bere hutsak eragin zituzten (3-12).

Hasiera kaskarren ostean, Ezkurrak zabaletik sakatzeko agindu zion Ioni. Atzelariak laguntza behar zuela ikusi zuen Doneztebekoak, eta atzerago jarri zen. Aurrean arriskatuz, Ezkurra apurka-apurka jokoan sartuz joan zen. Txapelduna trebea da tantoa bukatzen, eta bere ausardiak partida berdindu zuen (15-16). Kontrarioak gerturatuagatik, Zeberiok eta Auzmendik ez zuten jokatzeko modua aldatu, eta sakea berreskuratu zutenean berriz ere atzean jotzeari ekin zioten. Auzmendik primerako partida jokatu zuen, saketik zein piloteoan Ezkurra jokotik kanpo uzten saiatu zen, baita lortu ere askotan. Ionek ondo eutsi zien tanto bakoitzeko lehen pilotakadei, luzatu zirenean, baina, ezinean aritu zen. Urdinak errenta politarekin iritsi ziren azken txanpara (22-29). Ezkurrak eta Ionek ez zuten amore eman. Atzelariak jokatu zituen partidako tanto onenak, eta Ezkurrak berriz ere tantoarekin asmatu zuen. Ionek tanto pare bat egin zituen saketik, eta Ezkurrak beste hiru aurrean. Adoreak partida berpiztu zuen (28-33). Ordura arte pilaturiko nekea, baina, garesti ordaindu zuten. Sakea hartu bezain laster Zeberiok eta Auzmendik aise agindu baitzuten. Hasieran egin bezala, Ion kargatuz, azken tarte erabakigarria ireki zuten (38-28). Azken tantoetan Auzmendik joko erakustaldia eman zuen. Segurako atzelaria izan zen finaleko onena, hala sakean nola piloteoan. Laukoteko argiena izaki, partidari ezin hobeto igarri zion. Berak luze jo eta ondo bazterturiko pilotakada batek Ionen hutsa eragin zuen azken tantoan.

ezkurra-ion 32

ZEBERIO II.A-AUZMENDI 40

Iraupena: 66 minutu.

Pilotakadak: 435.

Saketik: Ionek 4; Auzmendik 7.

Markagailua: 0-3, 1-3, 1-6, 2-6, 2-10, 4-13, 9-13, 12-15, 15-16, 16-22, 18-22, 20-24, 21-25, 21-27, 25-30, 25-33, 28-33, 28-38, 32-38 eta 32-40.

Bestelakoak: Faustino Binakako Txapelketako finala. Hernaniko Galarreta pilotalekua lepo bete zen. Apustuetako dirua parean irten zen. Partidaren hasieran Remonte 2.000ak omenaldia egin zion Aimar Olaizolari. Harmailetan Ionen aldeko zale ugari batu zen, eta haien oihuek pilotalekua girotu zuten.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE