AURRERA EZKURDI! AURRERA DURANGO!

Jai Alai News

Zesta-puntak altxor bat berreskuratu du. Emozioz beteta, kirol honek duen frontoirik onenetakoa berriz zabaltzen ikusi dugu. Emozionantea batez ere durangarrentzat, hainbat urtez ahaztuta egon den kantxa historikoa ostera ere distiratsu jarri dutela ikusita. Pozgarria izan da zesta-eskolaren inguruan elkarte berri bat sortu dutela jabetzea ere. Klubeko kamisetak jantzita hainbat lagun ibili dira antolakuntza lanetan eta harmailetan berriz, ehundaka afixa utzi dituzte, neska eta mutil gazteei zesta-puntara batzeko deialdia eginez. Gogotsu eta antolatuta daude.

Zailena eginda dago, dirua lortu eta frontoa berritzea. Orain eguneroko lanean hastea tokatzen da. Kluba indartu eta Ezkurdin zesta-punta partidak antolatzea. Zapu-herri osoari sakakada bat eman nahi diogu hemendik ere eta ozen esango dugu: AURRERA EZKURDI! AURRERA DURANGO!

Pilotalekuaren inaugurazioan nahikoa lan egon da aspaldiko lagunak agurtzen ere, baina behin jarrilekuetan eserita, emakume eta gizonezkoen partiduak hasi dira. Lehenengoa benetan ederra izan da. Gogor jo die txalo harmailetako jendeak lau protagonistei, batez ere Helena Barrenetxea herriko alabari. Urdinak hasi dira hobeto, bai jokoan eta bai markagailuan. Erika Mugartegi markinarrak gogor jotzen dio pilotari eta Aldazabal berriatuarra berme bat da atzeko koadroetan. Gorriek urduriago hasi dute neurketa eta lehenengo seta urdinentzat izan da, 9-15. Bigarrenean ostera gora egin du, batez ere, Helena durangarrak. Pilotaren bila bikain joaten da eta konfiantzaz hasi da jokatzen, bai atzera botaz, bai aurrean aukerak baliatuz. 15-12 irabazi ondoren, hirugarren jokora joan behar izan dute. Jendea, ezin pozago. Azken setean launa egin dute gainera. Zer gehiago nahi duzu? Publikoa zoratzen. Azkenean ez du etxekoak irabazi baina partidu osoan txalo zaparrada ikaragarriak jo dizkie publikoak lau emakume pilotariei. Denak dira oraindik adin txikikoak baina ikuskizun itzela eman dute. Maila oso ona erakutsi daukate eta jendea desiatzen dago emakumeen Winter Seriesa hasteko!

Lehenengo partidaren ondoren omenaldi hunkigarria egin zaie Durangoko pilotari ohiei. Kantxara atera eta lore sorta bana jaso dute udal ordezkarien partetik eta dantzariak aurreskua ere egin die. Nahikoa lan izan dute senide eta lagunek, harmailetan, negar malkoei eusten. Sarea berriro jeitsi eta hasi da bigarren partidua. Erkiaga eta Zabala gorriz, Goikoetxea eta Lekerika urdinez.

Garaipena urdinentzat izan da. Hobeto eta erregularrago jokatu dute Goikok eta Lekek, Aritzek eta Zabalak baino. Hala ere, igerri egin da Durangoko kantxara eta neurrietara ohitu gabe daudela. Goikoetxea zumaiarrak jokatu du konfiantza handienarekin. Aspaldi izan arren, asko jokatutakoa da Durangon eta ez zaizkio neurriak ahaztu. Txik-txakean bukatu ditu dozena-erdi tanto, sahietseko posturan botata. Bikain Iñaki! Lekerikak atzean ondo lagundu dio. Kantxa oso ona da hau Unairentzat. Errebesez atzera heltzeko aukera dauka berak ere, eskumaz jokatzeko frontoi ona da eta horman gora jauziak eginda, «gora-gora» jarri du publikoa Lekek. Partida desenpatean argitu da, lehen bi jokoen ostean. 10-15, 15-13. Erkiagak sahietsetik tanto onak egin ditu, bai barrura botata eta bai horma-bietara, naiz eta kontrakantxara ere baten bat joan zaion. Zabalak pelotazo galantak bota ditu, jokoari abiadura handia emanez. Txapa-gainean ere bukatu ditu pare bat tanto. Hala ere, azkenean partida urdinentzat izan da, azken seta 1-5 irabazi ondoren.

Emaitza gutxienekoa da. Gizonen partida, aurrerago etor daikeenearen «trailer» bat izan da. Berotze bat. Lehen entrenamendua. Emakumeena aldiz, ilusio handia piztu duen neurketa ederra. Asko gozatu du publikoak beraiekin. Albiste onena hala ere, Ezkurdi plazako arkupeetan ikusi dugun jendetza, partida aurretik zein ostean. Jendea zesta-punta gosez dagoenaren seinale izaten da. Hemendik aurrerakoak ez du sekreturik. Lana eta lana. Kirol honek altxor haundi bat berreskuratu du, frontoi ikusgarri bat, mapan ezin-hobeto kokatuta. Desiatzen gaude Durangora ikusi eta Ezkurdiko plazara urreratutakoan, arkupeetan, frontoi sarrera inguruan, berriz ere jendetza ikusteko. Ea laster den!

Aurrera durangarrok! Aurrera Ezkurdi! 

Argazkiak: Zigor Etxebarria-ERAMAN JAI ALAI

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE