253 egun geroago

TXETXU IRIARTE. Mina hartuta zortzi hilabete jokatu gabe egin ostean, «inoiz baino ilusio handiagoarekin» itzuli zen iragan igandean

IMANOL MAGRO / Berria

Zortzi hilabete luze jokatu gabe. 253 egun praka zuriak eta zesta jendaurrean jantzi gabe. Txetxu Iriarte iragan igandean itzuli zen jaialdietara, iragan urteko ekainaren 4an belauna guztiz txikitu zuen Euskalen eta geroztik jokatu gabea zen. Igandean galdu egin zuen (40-36), eta, hala ere, alai amaitu zuen partida, irabaztearen ilusioa azkenera arte mantendu zuen arren. Galtzeak pena eman ziola onartzen du, baina bere hitzetan ez da saminik ageri. Azken hilabeteetan pasatakoak porrotaren mikatza baino dezente okerragoak izan dira.

Azpeitiko atzelariak hamalau urte daramatza profesionaletan, eta igandean inoiz baino urduriago kantxaratu zen. Atzo zortzi ziurtatu zioten igandean itzuliko zela, eta erremontista zailduak kirioak airean zituela pasatu zuen aste osoa. «Oso urduri nengoen, ni ere harritu nintzen. Debut egunaren antzerakoa izan zen, profesional mailako lehen partidan hamasei tantotan gelditu nintzen eta berriz antzerako zerbait gerta zitekeen beldur nintzen». Itzuleraren bezperak oso gozoak izan ez badira ere, berriz jokatzeko irrikan dago. Erremontean jokatzen gozatu egiten du, eta gutxika lesio aurreko joko maila hartu nahi du. «Inoiz baino ilusio handiagoa dut orain, denbora gehiegi izan da jokatu gabe».

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE