ERREKA ETA GAZTELEKU, SENDOTASUN HANDIZ

Erreka

Doneztebeko Errekak eta Andoaingo Gaztelekuk aurrera egin dute Berria Txapelketan, Iparralderi eta Ultzamari irabazita, eta elkarren aurka ariko dira final-laurdenetan.

Zerrendaburuek ez dute hutsik egin Berria Txapelketan, eta Doneztebeko Erreka eta Andoaingo Gazteleku elkarren aurka lehiatuko dira final-laurdenetan. Nafarrek erraz gainditu zuten Iparraldeko taldea, eta gipuzkoarrek gauza bera egin zuten Ultzamakoaren aurrean. Ondorengoak izan ziren Miarritzeko emaitzak:

 

ERREKA 3 IPARRALDE 0

Kadeteak : Agirre – Santesteban 22 Saldunbide – Narbey 16

Gazteak : Salaberria – Mariezkurrena 22 T.Mendi – Laffite 5

Nagusiak : Onsalo – Gorriti 22 R.Mendi – X.Mendi 5

Iazko txapelduna izaki, faborito garbia zen Erreka larunbat goizez Miarritzen, eta pronostikoei eutsiz, hiru partidak irabazi zituen Iparralderen aurka. Kadeteen artekoa izan zen jaialdiko politena eta orekatuena. Saldunbide eta Narbey lapurtarrek hobeto ekin zioten lehiari, eta 6-1 aurreratu ziren, baina partida erdian berdintasuna zen nagusi: 11na. Hortik aurrera gehiago izan ziren Agirre eta Santesteban nafarrak. Agirrek hartu zuen partidaren zama, eta hark azken txanpan egindako lan onari esker, 22-16 irabazi zuten. Agirre izan zen laukoteko onena, baina Saldunbide lapurtarrak ere inpresio ona eragin zuen.

Gazteen arteko partidak ez zuen misteriorik izan. Maila horretako bikoterik onenetakoa osatzen dute Salaberriak eta Mariezkurrenak, eta 22-5 hartu zituzten mendean Mendi eta Laffite. Salaberriak min handia egin zuen sakearen bitartez, eta aurreko koadroetan erakustaldia eskaini zuen. Mariezkurrenak ez zuen inongo lanik izan. Iparraldekoei ikusi zitzaien koska bat edo bi beherago daudela.

Gauzak hala, nagusien arteko partidan ez zegoen ezer jokoan, baina Errekako pilotariek jaialdia biribildu nahi izan zuten. Serio eta ongi jokatuta, Onsalok eta Gorritik 22-5 irabazi zieten R. Mendi eta X. Mendiri. Onsalok oso bizi ibili zuen pilota, eta aurkariak nahi eta ezin aritu ziren une oro.

 

———————————————————————————————————

Gazteleku

 

Larunbat arratsaldez, Gaztelekuk etxean jaso zuen Ultzama, eta lehen bi partidetan egindako lan onari esker, gipuzkoarrek lortu zuten final-laurdenetarako sailkapena. Ondorengoak izan ziren emaitzak:

 

GAZTELEKU 2 ULTZAMA 1

Kadeteak : Artola – Mujika 22 Diez de Ulzurrun – Arce 12

Gazteak : Osa – Elizegi 22 Ansorena – Hualde 5

Nagusiak : Eskudero – Aizpuru 8 Iriarte – Otxandorena 22

Kadeteetan orekatu aurreikusten ziren pronostikoak, eta partida hasieran sumatu zen edonork irabaz zezakeela. Urduri hasi ziren Gaztelekukoak, presaka, eta 5-1 atzetik joan ziren. Serio ari ziren Ultzamakoak. Hortik aurrera, baina, behetik gora nabarmen egin zuten gipuzkoarrek, eta oso ondo jokatuta, Artola eta Mujikak 22-12 irabazi zieten Diez de Ulzurrun eta Arceri. Bi irabazleek oso partida ona egin zuten.

Gazte mailan, Osak eta Elizegik 22-5 menderatu zituzten Ansorena eta Hualde. Ultzamak hutsune garrantzitsua izan zuen maila horretan, Gaskue Euskal Herriko banakako txapeldunak ezin izan zuelako jokatu, lesio bat zuela eta. Hortaz, gauzak askoz errazago izan zituzten gipuzkoarrek. Osaren abiadura erabakigarria izan zen.

Azken partidan, deus jokoan ez zela, Iriarte eta Otxandorena nafarrek  22-8 gainditu zituzten Eskudero eta Aizpuru. Hasi eta buka, gehiago izan ziren nafarrak, eta Otxandorenaren aginteari errematean ginda jarrita, Iriartek ez zuen barkatu.

© Pelota Vasca - Manista. Diseño: iLUNE